Usurbildarrek ere babesa adierazi diote Kataluniako herriari eta prozesuari

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 6a, 10:51

Artur Mas Kataluniako president ohia eta Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak epaitzen ari dira astelehen honetan, Kataluniako Auzitegi Gorenean 2014ko azaroaren 9ko galdeketagatik. Desobedientzia eta prebarikazio delituak egozten dizkiete, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako galdeketarako deia bere horretan mantentzeagatik. President eta kontseilari ohiak, aurreikusi baino ordu erdi beranduago heldu dira auzitegira. Hain zuzen Generalitateko egoitzatik irten eta auzitegiraino milaka herritar izan baitituzte bidelagun, elkartasuna eta babesa adierazten. Gaur hasi eta ostiralera arte luzatuko da epaiketa.

Euskal Herritik ere babes zabala jaso du Kataluniako herriak eta aurrera eramaten ari diren prozesuak. Gure Esku Dago mugimenduak deituta elkarretaratzeak deitu zituzten atzo Donostian, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen. Ehunka lagunek Kataluniako herriari babesa eta elkartasun adierazi zioten. Herrien etorkizuna hautetsonzietan erabakitzen dela eta ez auzitegietan, aldarrikatu zuten. Eta gogorarazi zutenez, gaurtik hasita ez dituzte epaituko Generalitateko arduradunak batzuk soilik, galdeketa hura sustatu zuen herri borondatea ere epaitua izango dela salatu zuten.

Mobilizazio hauen egun berean egokitu zen hain zuzen, maiatzaren 7rako Usurbilen antolatzen ari den galdeketa babesteko Herritzartuk frontoian argazki erraldoira batzeko herritarrei egindako deialdia ere. Ekimena bera, Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioan ere bihurtu zen. "Gaurko elkarretaratzean, nola ez, presente izan ditugu Catalunya eta bertako prozesu herritarra ere, eta jasaten ari diren jazarpen judizialaren aurrean gure elkartasunik beroena adierazi nahi izan diegu. Erabakitzea demokrazia baita, ez besterik. Herrien etorkizuna herritarrok erabakiko baitugu eta ez auzitegiek", zioten Herritzartutik.