Maiatzaren 7rako galdera adostera orain

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 6a, 11:19

"Herritarron garaia da!" argi eta ozen adierazi zuten atzo Herritzartuk deituta, maiatzaren 7rako iragarria dagoen galdeketa babesteko frontoian egin zen argazki erraldoira batu ziren 400 herritarrek. "Eguraldi txarrari aurre eginez, iragan eta ideologia ezberdineko 400 herritar elkartu gara, batzen gaituen etorkizunaren alde; erabakitzeko eskubidearen alde eta maiatzaren 7ko herri galdeketa babestuz", adierazi du Herritzartuk. Orain arte jasotako atxikimenduen lehen fasea borobiltzeko ekimena izan zen atzokoa. Herri plataformatik berri eman dutenez, 600 herritar baino gehiagoren eta 29 herri eragile ezberdinen babesa jaso dute jada. "Orain arte ekimen honen aldeko babesa biltzen aritu gara, 600 herritar baino gehiagoren sinadura eta herriko 29 eragile ezberdinen (alderdi politikoak, eragile kulturalak, komertzio elkartea, kirol taldeak, elkarte gastronomikoak, auzoetako jai batzordeak, guraso elkarteak, etab.)  atxikimendua jaso dugularik", berri eman du Herritzartuk.

Bigarren fasean orain

Hau hasiera baino ez dela gogorarazten dute. "Asko gara eta pozik gaude, baina gehiago izan nahi dugu", diote. Atxikimenduak biltzeko epeak zabalik segiko du datozen hilabeteotan, baina aldi berean, maiatzaren 7ko galdeketa antolatzen segitzeko urrats berriak ematen hastera doa Herritzartu. Atzoko argazki erraldoiarekin bigarren faseari ekingo diote orain; galdera adosteari. Lanketa honetarako hilabete pasatxoko tartea hartuko dute. "Maiatzaren 7ko galdera adosten hasiko gara hemendik aurrera. Martxoaren 19rako galdera erabakitzea da gure asmoa. Badugu lana, denontzako egongo da zer egina", iragarri dute. 

Galdeketako lan taldeak

Maiatzaren 7an herri honetan ospatuko den galdeketa antolatzeko lan talde ezberdinak osatu dira. Herritar ororentzat irekiak dauden lan taldeak. Hurrengo hilabeteetako prozesua, auzolan erraldoia izatea nahi dute. "Etorri gure bileretara, ateak zabalik daude eta denontzako egongo da zer egina. Gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue", adierazi dute. Egunotan biltzen dira taldeok:

-Galdera adosteko taldea: asteartea, 19:00etan.

-Komunikazio taldea: asteartea 20:00etan.

-Ekintzak antolatzeko taldea: asteazkena 18:30ean.

-Finantziazioa: asteazkena 18:30ean.

Hurrengo deialdiak

-Otsailak 18, larunbata: mus eta toka txapelketa Aginagako Eliza Zaharrean.

-Martxoak 19, igandea: 35 herritan galdeketa egingo dela aprobetxatuz, Usurbilgo galdeketarako galderaren aurkezpena jai giroan.

-Ekimen gehiago ari dira antolatzen herri eragileekin elkarlanean. Aurrerago zehaztasun gehiago eskainiko dituzte.

Informazio gehiago:

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

E-posta: usurbilgureeskudago@gmail.com

Herritzarturen manifestua

Irudia: Herritzartu.