Igandean zen jokatzekoa Euskal Herriko 3. Klub Arteko Nazio Txapelketako finala, bertan behera geratu zen azkenean. Usurbilgo Pagazpe elkartea eta Aurrera Tolosa taldeak lehiatzekoak ziren Amezketako frontoian, baina azkenean aurreikusiak zeuden hiru partidetatik bakarra baino ez zen jokatzerik izan, usurbildarrek egin zuten protesta ekintzagatik. Pagazpek ezin izan zituen eraman Amezketara finalerako behar zituen pilotari guztiak, pilotarietako batzuk beste kirol konpromiso batzuk baitzituzten. Eta finalean parte hartzekoa zen pilotarietako bat takorik gabe kantxaratu zen protesta moduan eta ez parte hartzea erabaki zuten. Final handia ikustera bertaratu zirenak txistuka hasi eta antolakuntzak neurketok bertan behera uztea erabaki zuen.
Antolakuntzak Aurrera Tolosa jo du txapelketa honetako garailetzat. Pagazpe Elkarteak , herritarrak igandean Amezketara joatera deituak zituen, herriko pilotariei babesa eman eta "antolakuntza honi nahikoa dela esatera". Jokabide honen arrazoiak NOAUA!ra helarazitako ohar honetan azaldu ditu Pagazpe Elkarteak:
PAGAZPE ELKARTEAREN OHARRA
Amezketan jokatzen den kluben arteko txapelketako finala, urtarrilaren 28rako zegoen antolatua, baina antolatzaileek beraiek nahi dutela eta aldatzea erabaki eta otsailaren 5ean jokatuko zela abisatu ziguten zortzi egun lehenago.
Txapelketa hau jokatzen dela hiru urte dira eta kontua da jokatzeko egunak jartzen dituztela, eta ondoren, inongo arrazoirik gabe aldatzen dituzte egunak. Aurten finalaren eguna behin eta berriz galdetu eta hilaren 28an erantzun ziguten. Gauzak horrela pilotariek beraien agenda, txapelketaren arabera moldatzen dute eta antolatzaileek zortzi egun lehenago aldatu dute eguna.
Iaz berdin, aurten bi aldiz…
Horrenbestez, Pagazpek pentsatu du: nahikoa da, beti guri nahastuarazten dabiltza. Pilotariei errespetu falta, klubari berdin eta zaletuak nahasten. Hau jadanik onartezina da.
Datorren otsailaren 5ean arratsaldeko 16:30tan Amezketan: Aurrera Tolosa – Pagazpe P.K.E ren aurka. Animatu herritarrak gure pilotariei babesa emateko eta antolakuntza honi nahikoa dela esatera".
Txapelketari buruzko informazio gehiago: pilotabizi.com