400 herritar frontoian, Maiatzaren 7ko Herri Galdeketaren alde.

UsurbilGureEskuDago 2017ko ots. 8a, 08:08

Abenduan sortu zen Usurbilgo HERRITZARTU plataforma, erabakitzeko eskubidearen aldeko olatura batu eta  maiatzare 7an Usurbilen Herri Galdeketa antolatzeko helburuarekin.

Orain arte ekimen honen aldeko babesa biltzen aritu gara, 600 herritar baino gehiagoren sinadura eta herriko 29 eragile ezberdinen(alderdi politikoak, eragile kulturalak, komertzio elkartea, kirol taldeak, elkarte gastronomikoak, auzoetako jai batzordeak, guraso elkarteak, etab.)  atxikimendua jaso dugularik.

Lehen atxikimendu fase hau borobiltzeko, Usurbilgo frontoian elkartu ginen aurreko igandean. Eguraldi txarrari aurre eginez, iragan eta ideologia ezberdineko 400 herritar elkartu ginen, batzen gaituen etorkizunaren alde; erabakitzeko eskubidearen alde eta maiatzaren 7ko herri galdeketa babestuz.

[embed]https://www.youtube.com/watch?v=yA-NLGGp6FU&feature=youtu.be[/embed]

Elkarteratzean, nola ez, presente izan genituen Catalunya eta bertako prozesu herritarra ere, eta jasaten ari diren jazarpen judizialaren aurrean gure elkartasunik beroena adierazi nahi izan genien. Erabakitzea demokrazia baita, ez besterik. Herrien etorkizuna herritarrok erabakiko baitugu eta ez auzitegiek.

Atxikimendu faseak aurrera darrai, baina bigarren fase bati ere hasiera ematen diogu orain: maiatzaren 7ko galdera adosten hasiko gara hemendik aurrera. Galdeketa antolatzeko herritar ororentzat irekiak dauden lan talde ezberdinak osatu dira. Hemendik aurrera astero bilduko gara Potxoenean:

-Galdera adosteko taldea: asteartea, 19:00etan.

-Komunikazio taldea: asteartea 20:00etan.

-Ekintzak antolatzeko taldea: asteazkena 18:30ean.

-Finantziazioa: asteazkena 18:30ean.

Igandekoa hasiera besterik ez da izan; asko gara eta pozik gaude, baina gehiago izan nahi dugu. Badugu lana, denontzako egongo da zer egina, herritarron garaia da!

HERRITZARTU

Herriak Hitza Hartu