Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko lanak abiatzear dira. Uda hasieran ospatuko diren festa egunak zehaztu, eta festa egunotan ekimenen bat antolatu asmo duten norbanako nahiz eragileei zuzenduriko lehen bilera irekia deitu du Jai Batzordeak datorren astelehenerako, otsailak 13, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.
Batzordea eraldatzen hasteko urtea
Hitzordura gerturatzeko gonbita luzatu du Xuban Zubiria Usurbilgo Kultura Gazteria eta Euskara zinegotziak gutun bidez. Aurtengoa batzordea eraldatzen hasteko urtea izango dela iragarri du gainera. "Usurbilgo Udalak Jai Batzordetik at, gai hau tratatzeko bilera dinamika edo talde motor bat eratzeko asmoa du, bertan edoizen herritar zein eragilek parte hartzeko aukera izango duelarik", adierazi du gutun honetan:
Badatoz jaiak
Urte batzuk bete ditu Usurbilgo Jai Batzordearen jardunak. Urteak joan, urteak etorri, ehundaka izan dira bertan parte hartu izan duten usurbildarrak. Ezin aipatu gabe utzi aurtengoan Tiburtxioren faltak sortuko digun hutsunea.
Bada denbora Jai Batzordearen parte zareten eragile desberdinek beronen funtzionamenduan aldaketak egiteaz gain pauso bat aurrera emateko ordua dela aitortu duzuenak. Honen guztiaren harira, Udalak lehengo urteko festen balorazio bilera bat probestu zuen eragile desberdinen ekarpenak eta iritziak jasotzeko. Bertan plazaratu ziren iritzi desberdinen jakitun, uste dut bilera hartan agerturiko hainbat proposamenen bidean jartzeko ordua iritsi dela. Horren harira, Usurbilgo Udalak Jai Batzordetik at, gai hau tratatzeko bilera dinamika edo talde motor bat eratzeko asmoa du, bertan edoizen herritar zein eragilek parte hartzeko aukera izango duelarik.
Proposamen haiek Jai Batzorde batuago baten eta bertako eragileen elkarlanean oinarrituriko jai batzuen beharra argi utzi zuten. Udala eta ni prest gaude zuen guztion laguntzaz erronkari eutsi eta bideari ekiteko. Hau esanik, argi utzi nahi dut aldaketez ari nahi zen honetan ez direla bat batekoak izango. Hau guztiaren inguruko azalpen bat egiteko asmoa dugu otsailaren 13an egingo dugun bileran.
Argi utzi nahi dut ere aurtengoa ez dela izango batzordea eraldatzeko urtea, baizik eta eraldaketa horri hasiera emateko unea baizik. Jai Batzorde honek bere alde on eta txar guztiekin, Usurbilgo herriko festei egindako ekarpena oso handia dela aitortu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar funtzionamendu hau martxan jartzearen oinarrian herritarren inplikazio falta egon zela oinarrian. Beraz baloratu dezagun martxan dugun tresna.
Urteetako funtzionamendu ohitura eta filosofia aldaketa ez da egun batetik bestera egiten. Aldaketak proposatzen ditugun heinean gure errespontsabilitatea ere bada gure inplikazioan eta funtzionatzeko moduan aldaketak ezartzen astea. Ulertu behar dugu elkarlanean eta irekitasun horretan ere norbanako bakoitzaren egoera eta disponibilitatea ez direla berdinak izango ezta gogoa bera ere erronka honi eusterakoan, beraz pixkanakako pausoek duten garrantzia balioan jartzea eskatzen dizuet. Gauza txikiak eginez eta denok eroso sentituaz bakarrik lortuko baitugu Jai Batzorde indartsuago eta eraldatzaile bat.
Amaitzeko Jai Batzordearen lehenengo bilerara gonbidatu nahi zaitut. Bilera otsailaren 13an arratsaldeko 6tan burutuko dugu Potxoenean. Bertan elkartuko garelakoan jaso besarkada bat!
Xuban Zubiria
Usurbilgo Kultura Gazteria eta Euskara zinegotzia.