Atxegaldeko Mahaspildegi pareko aparkalekua handitu eta berritzen ari dira

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 8a, 09:33

Lanak urte amaieran hasi zituzten. Lehenbiziko fasearen baitan, parkinerako sarrera egokitu, goikaldeko espaloia berritu, aparkalekua bera berrantolatu, argiteria eta ubideak berritzekoak ziren. Lehenengoa amaitu eta berehala ekingo zaion bigarren fase bat izango dute lanok. Fase berri honen "helburu nagusia aparkaleku kopurua handitzea izango da. Mendebaldean ezarritako aparkaleku lerro zuzena aldatu eta bateriako lerro bat jarriko da. Fase honen exekuzioa sinpleagoa izango da aurrenekoa baino, instalazio eta ekipamendu guztiak aurretik prestatuak izango baitira", iragarri du Usurbilgo Udalak. Lasuen Construccionesek bideratuko dituen lanok, 13.830,05 euroko aurrekontua dute.

Bi faseok amaituta, "Mahaspildegi guneak 34 aparkaleku eta mugikortasun urriko aparkaleku bat izango ditu" iragarri dute Udaletik. Halere ez dute baztertzen, etorkizunean gunea handitzea. "Fase hau burutzean, aparkaleku guneari ez zaio espaloi batekin emango amaiera. Hirugarren faseari begira, zabalpen bat egiteko asmoa egon daitekeelako", berri eman dute.