Iaz proba egunean izan ziren euriteen eraginez bertan behera geratu ostean, aurten bai, badirudi eguraldiari dagokion iragarpena aintzakotzat hartuta, inolako arazorik gabe ospatuko dela, larunbat honetarako antolatu duten Oriaren 23. Traineru Jaitsiera. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute Orioko Udalak eta Orioko Arraun Elkarteak, aipatu herriko udaletxean. Bi bandera izango dira jokoan; gizonezko absolutuen mailako seigarrena eta emakumezko absolutuen mailako hirugarrena.
Aginagako bi gune izango ditu abiapuntu probak; Mapil eta Saikola. Eta bi guneotatik, parte hartzaile batzuk 6.000 eta besteek 4.000 metroko bidea osatu beharko dute hurrenez hurren, Orio erdigune parean kokatua izango duten helmugara arte. Guztira, 78 ontzi lehiatuko dira Oriako uretan. Kanariar irletatik, Alacantetik, Valentziatik eta Kataluniatik 4 llagut etorriko dira Aginagara, jubenil mailako neska mutilen 6 traineruk parte hartuko dute baita, 14 ontzi beteranoek, emakumezko absolutuen mailako 17 traineruk eta gizonezko absolutuen mailako beste 37 ontziek.
Llagutak, jubenilak, beteranoak eta emakumezkoek 4.000 metroko bidea osatuko dute eta haiek izango dira Saikolatik lehenak abiatzen, larunbat arratsaldeko 16:00etan. Minuturo ontzi bat abiatuko da Aginagatik Oriora. 16:41ean gizonezkoen txanda izango da. Haiek Mapiletik abiatuko dira, minuturo ontzi bat, eta 6.000 metroko bidea osatuko dute. Azkenak etxekoak izango dira, oriotarrak arratsaldeko 17:11n.
Inoiz baino emakumezko parte hartzaile gehiago
Parte hartzaileen artean, gizonezkoetan ACT ligan punta-puntan dabiltzan taldeak ikusiko ditugu Orian lehian. Aipagarriena ordea emakumezkeoen parte hartzea izango da. Emakumezkoen arrauna hartzen ari den indarraren seinale, Euskotren ligako talde guztiak lehiatuko direla jaitsiera proba honetan. 17 guztira, aipatu moduan. Orio Arraun Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek gaurko aurkezpenean zioenez, "sekula inoiz eta inon hainbeste emakumezkoen traineru ez dira lehiatu. Ez da halakorik ikusten ez Kontxako sailkapenean ezta Euskotren Ligako sailkapenean ere".
Probak prestigioa hartu duela nabarmendu du baita. "Jendea gogotsu eta ilusio handiz etortzen da. Arrakasta du proba honek. Talde gehienek bere egutegian gorriz markatzen dute egun hau. Inork ez du falta nahi", adierazi du.
Proba hau behar bezala antolatu eta ospatzeko auzolana ezinbestekoa da. 80 lagun beharko dituzte trafikoa zaintzeko, irteera eta helmuga puntuetarako, klubetako jendea bideratzeko, edota errioan motordun ontzietarako. Haien lana eskertu nahi izan dute antolatzaileek gaurko aurkezpen ekitaldian. "Haiengatik izango ez balitz, ezingo litzateke hau guztia antolatu", adierazi du Huegunek.
Orioko alkate Joxe Angel Zalduak ere bolondresen lana goraipatu du. Probak Orion piztuko duen jai giroa, bilduko duen jendetza eta jendetzak, herri osoarentzat, modu berezian ostalari eta merkatariei ekarriko dien onura azpimarratu du.