Patxi Uranga Picassentera eraman dute, Xua ezagutu ahalko du

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 8a, 17:00

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez, Alacanten preso duten Patxi Uranga Valentziako Picassent espetxera eraman dute. Gogoan izan, Picassenten dituela bikotelaguna, Olatz Lasagabaster eta haien alaba jaioberria, Xua. Haurra jaio eta hiru astera, azkenean Xua ezagutu ahalko du Patxik. 

Aldaketa beraz, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga, Xua, Mari Karmen Anza eta gainerako haien senide eta lagunak bizitzen ari diren egoera bidegabean. Bestela, atzo berri eman genizuen moduan, Olatzen ama Mari Karmen Anzaren osasun egoerak ez du hobekuntza nabarmenik izan. "Valentziako ospitaleko ZIUn segitzen du arnasketa hobetzeko zain", berri eman dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Aurreko astean, Olatzek ama bisitatzeko aukera izan zuen. 

Elkartasun eta babesa Usurbil eta Oriotik

Azken asteotan hainbatetan salatu da familia hau bizitzen ari den egoera bidegabe eta krudela, eta elkartasun eta babesa helarazi zaie. Hala egin zen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta urtarrilaren 27an Mikel Laboa plazan deitutako elkarretaratze berezian, baita urtarrilaren 31n egin zen osoko ohiko bilkuran EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen mozioaren bidez ere.

Bestalde, aipatzekoak dira baita, batetik Olatz Lasagabasterren izeba eta Mari Karmen Anzaren ahizpa Arantzak, Gara egunkarira eta Olatz eta Patxiren Orioko lagunek Karkara herri aldizkarira igorritako gutunak. Ezinhobeto deskribatzen dute bizitzen ari diren egoera.

Azken asteotako ekimenak

Urtarrilak 25, astezkena: Olatz Lasagabasterren izebaren gutuna GARA egunkarian

Eskutitz gogor eta hunkigarria argitaratu zuen Gara egunkariak. Arantza Anza, Olatz Lasagabasterren izebarena hain zuzen. Oso argi adierazten zuen bizitzen ari diren injustizia. Hemen duzue osorik, "Gizatasuna guztiaren gainetik" izenburua daraman gutuna (euskaratua): Aranza Anzaren gutuna

Urtarrilak 27, ostirala: elkarretaratze berezia

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Mikel Laboa plazan antolaturiko elkarretaratzean Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu eta elkartasuna adierazi zien Usurbilgo herriak. Eskutitzak idazteko aukera izan zen, animu eta elkartasun mezuak helaraztekoa bai idatziz baita irudi bidez ere. Gazteak, helduak, preso ohiak, presoen senideak, gurasoak, haurrak, Usurbilgo herriak berak... Denek babes eta elkartasun mezua igorri nahi izan zieten, gugandik 600 kilometrotara diren Olatz, Patxi, Xua, Mari Karmen eta haien senide eta lagunei. Hemen mobilizazio hartako irudiak eta kronika.

Urtarrilak 31, asteartea: EHBilduren mozio onarpena osoko bilkuran

"Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu", eskaera argi hau egin zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak azken osoko bilkuran, EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen mozioaren bidez. Testuak, Xuari ongi etorria eman eta kezka adierazten du Mari Karmen Anzaren osasun egoeragatik, familiari laguntza eskaintzearekin batera. Era berean Olatzen espetxe berean, Valentziako Picassenten dagoen Sara Majarenas eta Izar lehenbailehen baldintzapean aske uztea eskatu zuten. Honatx osoko bilkura hartako mozioa eta kronika.

Otsailak 1, asteazkena: Olatz eta Patxiren Orioko lagunen gutuna (Irudia: Karkara)

“Dispertsioak senide zein lagunei trabak jarri eta presoen kontra ingeniaritza emozional krudela egitea errazten du. Bizi dugun egoera politikoari dagokion humanismoa da eskatzen dugun gauza bakarra. Preso daudenek ere berezkoak dituzten giza eskubideak bermatuak izan daitezela eta askea den haur jaio berria dagozkion eskubideen jabe izan dadila bizitzaren lehenengo momentutik”, adierazi dute Olatz Lasagaster eta Patxi Urangaren Orioko lagunek, “Haur jaio berri bat preso?” izenburupean udalerri bereko Karkara herri aldizkarira igorri duten gutunaren bidez. Ondoko argazkiarekin ongi etorria eman nahi izan diote Xua, Olatz eta Patxiren alaba jaioberriari. Esteka honetan irakur dezakezue gutuna bere osotasunean: Olatz eta Patxiren Orioko lagunen gutuna.