Korrika Batzordea lehen aldiz bilduko da gaur, 19:30etan euskaltegian

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 9a, 08:32

Badator 20. Korrika. Apirilaren 4an, gaueko 23:39an helduko da gure artera.  Aurretik ohi bezala, euskararen aldeko lasterketa girotzeko ekimenak bideratu asmo ditu, lanean hastear den Korrika Batzordeak. Ostegun honetarako, hilaren 9rako, 19:30etan euskaltegian deitu dute lehen batzarra. Gaurko saio honetan, ekarpenak egitera animatzen gaituzte eragile eta herritarroi, Etumeta AEK-ko irakasleek. 

Hilaren 9rako deitu duzue lehen batzarra. Zer egin asmo duzue bertan?

AEK-ko irakasleak: Helburua biltzea da, Usurbilgo eragile eta herritar guztiei euskaltegira etortzeko deia egin eta datorren 20. Korrika dela eta, euskal kulturaren ikuspegitik zer egin dezakegun erabakitzeko ekarpenak biltzea. Korrika Kulturala deitzen diogun hori elkarlanean antolatzen hastea.

Zer motatako ekarpenak egin daitezke?

Korrika girotu eta laguntzeko ideia propioekin etorrita askoz hobe. Buruan dituzten ideiei, hemen forma emango diogu gero denon artean.

Korrika Kulturalaren baitan denetariko ekimenak antolatu izan dira aurreko edizioetan?

Gazte olinpiadak, mus txapelketa, bazkari edo afaria, herriko musikariek parte hartu izan dute baita... Uste dugu potentziala badagoela Usurbilen. Ekarpenak egin nahi dituztenek, horiei forma emateko bilera izango da.

Apirilaren 4an 23:39an helduko da 20. Korrika. Duela bi urteko ibilbide bera osatuko du herri barruan?

Lasarten hartuko dugu lekukoa, hipodromoko zubi inguruan. Zubietatik etorriko da. Santueneatik igaro eta Kalezarrera igoko gara. Gero Puntapaxera eta handik Kaxkora jaitsi eta udaletxetik behera Aginaga alderako bidea hartuko dugu. Mapilen Oriokoei pasako diegu lekukoa. Guztira, 11 kilometro inguru.

Kilometroak erosteko zer aukera ditugu?

Erosketa egiteko epea irekia dago. Deitu euskaltegira. Kilometroaren prezioa aurreko edizioetako antzekoa izango da. Erdia egiten bada prezio erdian. Eragileak, kultur taldeak, enpresaren bat izaten dira kilometroak erosten dituzten gehienak. Baina aukera bada baita, lagun artean erostekoak ere. Bildutako laguntza AEKra bideratuko da.

Korrika laguntzeko aukera gehiago badira.

Materiala salgai dugu. Honez gain, Korrika Laguntzaile izateko aukera dago. 12 euroren truke, pina, txartela eta denden katalogoa jasoko da. Deskontuak izan daitezke, Euskal Herriko hainbat komertzioetan erosketak egiterakoan. Etorri euskaltegira eta behar den informazioa eskainiko dugu.

Korrikak urtemuga festa ospatuko du.

Otsailaren 11n izango da Irungo Ficoban. Egun osoko agerpen eta ekitaldi desberdinak izango dira bazkaria barne, duela bi edizio Usurbilen egin zen moduan. Izena eman behar da aurrez.

Oraindik euskarak behar ditu Korrika bezalako egitasmoak?

Zorionez eta zoritxarrez. Zoritxarrez oraindik gure gizartean euskaraz bizitzea zenbait arloetan eta herrietan posible ez delako. Zorionez, Korrika ekimen guztiz herritarra delako eta aukera ematen baitigu kontzientzia hartzeko, herri hau kohesionatzeko, euskal kulturari bultzada bat emateko.

Ezagutzak nabarmen gora egin arren, erabileran eragin behar orain?

Azken urteotan, 20-30 urteotan hiztun kopurua bikoiztu den bezala, erabiltzaileena inondik ez da joan parametro horietan. Azken urteotako egin beharreko lanaren zati bat hor dago baita, kontzientzia hori piztea. Dakienak behintzat lehenengo aukera bezala euskara erabiltzea.