Martxoaren 30ean Otxandion abiatu eta apirilaren 9an Iruñean amaituko den 20. Korrika laguntzeko bide ezberdinak zabaldu dituzte, norberak nahi eta ahal duen moduan, lasterketa bera eta AEK babesteko.
Materiala salgai
20. Korrikaren materiala salgai dute Etumeta AEK euskaltegian; sudaderak, kamisetak, lepokoak, agendak, giltzarriak… Astelehenetik ostiralera, 09:00-12:00 artean edo 16:00-19:30 artean gerturatzen bazarete eskura dezakezue materiala.
Korrika Laguntzaile kanpaina
Korrika Laguntzailea kanpaina martxan da beste urte batez. 12 euroko ekarpena egin, eta trukean, "laguntzaile zarela adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika Laguntzailea txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa" eskura dezakezue. Pina, txartela eta katalogoa, Etumeta AEK euskaltegian eskura daitezke.
Kilometroak erosteko aukera
20. Korrika laguntzeko beste modua izan liteke honakoa. Koadrilan, taldean (eragile, elkarte, erakunde, enpresa...) bildu eta denen artean Zubieta, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko duen ibilbideko kilometro bat edo kilometro erdia erostea. Hala egiten duenak, erositako ibilbide zati horretan lekukoa eramateko ohorea izango du.
Korrika Batzordea
Ostegun honetan da biltzekoa estreinakoz Korrika Batzordea, otsailak 9, arratsaldeko 19:30etan Etumeta AEK euskaltegian. Bertan, Korrika girotzeko ekimenak prestatzen hasiko dira.
Apirilaren 4an, 23:39an
AIZU AEKren aldizkariak aurreratu zuen, udaberri honetan ospatuko den 20. Korrikaren ibilbidea. Gogoan izan, euskararen aldeko lasterketa martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, "Batzuk" aldarripean.
Euskal Herria alderik alde, herriz herri zeharkatuko duen lasterketa apirilaren 4an, asteartearekin helduko da Usurbila. Oraingoan gauez; 23:39an. Lasarte-Oriatik (22:41) barrena sartuko da martxa Zubietara. Hipodromoko zubiaren inguruan hartuko du lekukoa udalerri honek. Zubieta zeharkatu, Santueneatik igaro, Kalezarra igo eta Kaxkora jaitsiko da. Gero, Aginaga zeharkatuko du. Mapilek Oriokoek hartuko dute lekukoa, 00:42an.
Honatx ibilbide osoa: 20. Korrika, ibilbidea
20. Korrikako mezua eta omenduak
Informazio gehiago: korrika.eus
Informazio gehiagorako:
Nagusia, 43
607 609 379.
usurbil@aek.org