Kirolariak, kazetariak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, sendagileak, sagardotegietako langileak, sindikatuak, eragile sozialak, hezkuntza munduan lanean dabiltzanak... Bizibide ezberdinetako gipuzkoarrak batu ditu eguerdian GuraSOSek Donostiako Haizeen Orrazian egin duen agerraldian. "Elkarrekin gehiago gara", aldarrikatu dute, eta noski, guraso taldeak otsailaren 19rako deitua duen manifestazioarekin bat egin dute. Babes zabala jasotzen ari da aipatu mobilizazioa. "Hain adierazgarri den Haizearen Orrazitik, itsasoak eta haizeak edertasun nahiz indar guztia agertzen duten leku honetan dei egiten diogu gizarteari. Bete ditzagun Donostiako kaleak datorren otsailaren 19an. Ur tanten antzera elkar gaitezen, bat egin dezatela gure eskuek eta osatu dezagun itsaso bare bat", adierazi dute.
Hurrengo aste amaierarako deitu duten mobilizazioa, ez erraustegiaren aurkakoa ezta foru gobernuaren aurkakoa ez dela izango gogorarazi dute berriz. GuraSOSek landu eta aurkeztua duen bide-orria babestearen, hondakinen kudeaketaren gaiari guztion artean irtenbide adostu bat ematearen aldekoa baizik. Horregatik, konponbide adostu batera heltzeko, "adostasun batera eramango gaituen gizarte eztabaida bat beharrezkoa dela uste dugu. Gehiengoa lortuta ere inposizioak baliorik ez dutelako. Etiketarik gabeko gizartearen lekua aldarrikatu nahi dugu. Demokrazia aberastu nahi dugu zuzeneko parte hartzearen bidez. Zubiak eraiki nahi ditugu eta ez trintxerak. Harro sentiaraziko gaituen Gipuzkoa hobe bat nahi dugu. Ezinezkoa nahi dugula esateak ez du balio. Beste zenbait lekutan lortzen ari dira eta Gipuzkoa elkarrekin gehiago izango da".
Foru Aldundiari: "Aurrez aurre hitz egin dezagun"
Beste behin, gizartean gai honi buruzko informazio eta eztabaida gardena eta herritarren parte hartzea sustatzea ezinbesteko direla defendatu du GuraSOSek. "Eztabaida garden eta sosegatu bat nahi dugu", adierazi dute. "Batzar Nagusiek onartu beharko dute PIGRUG plan berri hori baina legearekin bat egin beharko du, parte hartze prozesu baten ondorioz", gaineratu dute.
Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanori biltzeko deia egin diote, "aurrez aurre hitz egin dezagun. Eta utz dezagula alde batera komunikabideen bidez egindako interpelazioa. Uztailaren 6az geroztik ari gara bilera bat egin nahian eta gutaz zein gure proposamenetaz hitz egin baino nahiago ditugu partekatzea, egokiago litzatekeelako. Zuen irudipenak entzun nahi ditugu eta honekin batera elkarrizketa bilatu eta baita gerturatze aukerak ere. Irekitzazue Foru Aldundiko ateak, ez ezazue erakundeekin gotorlekurik egin. Ez gara herritarrok zuen konpetentzia, zuen osagarri baizik".
Manifestazioa
Eguna: otsailak 19, igandea.
Ordua: 12:00.
Ibilbidea: Donostiako Artzai Onaren Katedrala, San Martin kalea, Foru pasealekua, "Republica argentina" kalea, Bulebarra.
Amaieran: "guztiok eskuak elkarri eman eta gora igoko ditugu, gizarte batasuna adierazteko asmoz".
Aldarria: "Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!".
Antolatzailea: GuraSOS.