2017ko Kutxa Kultur Festibala, Zubietako hipodromoan

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 9a, 09:00

Azken bost urteotan Igeldoko jolas parkean ospatu den Kutxa Kultur Festibalaren seigarren edizioa, Zubietako hipodromoan ospatuko da irailaren 15ean eta 16an, antolatzaileek agerraldi bidez iragarri dutenez. Eskenatoki aldaketa honekin, jaialdiak bost urteko ziklo berria abiatuko omen du, ekimen familiar, original, bakarra eta dibertigarria izateari utzi gabe.

Musika eta zaldi lasterketak

Datorren edizioak lau eskenatoki izango ditu. Dagoeneko lehen taldeen izenak aurreratu dituzte. Zubietako hipodromoan izango dira The Jesus and Mary Chain, The Hives edota Love of Lesbian taldeak. Kontzertuak oholtzaz txandakatzen joango dira. 8.000 lagunentzako lekua egongo da gune berri honetan, Igeldon 6.000 lagunentzako tokia zegoen. Bi egunotako kontzertu festa, arratsaldeko 17:30etan hasi eta goizaldeko ordu txikietan amaituko da, saio elektronikoekin. Estreinako aldiz, jaialdiak akanpadarako gune propioa izango du.

Igeldon kontzertuekin batera, parkeaz gozatzeko aukera baldin bazegoen, Zubietako hipodromoan, musikaz gain, zaldi lasterketak ospatuko dira. Zaldiek musika taldeen izenak izango dituzte, ezustekoak izango omen dira sari banaketan eta hurrengo asteotan iragartzen joango diren beste berrikuntza mordoa. 

Igeldoko parkea uzteko arrazoiak

Antolakuntzak ohar bidez adierazi du, zergatik aldatu duten eskenatokiz Kutxa Kultur Festibala. "Bost urtez Igeldo Mendia atrakzio-parkean izan da Kutxa Kultur Festibala, baina une honetan ezinezkoa da festibala parkean egiten jarraitzea, festibalaren ezaugarriak direla eta. Horretan gurekin bat datoz parkeko arduradunak, eta haiei eskerrak eman behar dizkiegu orain arte eman diguten babesarengatik. Hobekuntza-lanak egin dira parkeko barrutian. Bereziki aipatzekoa da zoladura berria jarri dutela; izan ere, hori dela eta, ezinezkoa da muntaietarako beharrezkoak diren zenbait kamioi eta makina bertara sartzea. Horrenbestez, agertoki batzuk kendu eta jende kopurua murriztu beharko genuke. Bestalde, hiriaren turismo-eskaria gero eta handiagoa da, eta parkea ezin da itxita eduki festibalaren aurreko eta hurrengo egunetan muntatze- eta desmuntatze-lanak egiteko. Hori guztia aintzat hartuta, teknikoki Igeldo ez da aukera bideragarria", adierazi dute.

Halere, udako gauetarako musika-proiektu berri bat lantzen ari direla iragarri dute, "parkea izugarri gustatzen zaigu" eta.