Pagazperen komunikatua, EH-ko Klub Arteko Nazio Txapelketako finalaren harira

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 10a, 10:04

Aurreko igandean Euskal Herriko 3. Klub Arteko Nazio Txapelketako finalean lehiatzekoak ziren Usurbilgo Pagazpe Elkartea eta Aurrera Tolosa taldeak. Pagazpek ordea protesta ekintza burutu zuen eta final saioa bertan behera geratu zen. Otsailaren 5eko gertakarien harira, honako komunikatua plazaratu du azken orduotan, Pagazpe Elkarteko zuzendaritzak:

Komunikatu ofiziala

Idatzi honen bitartez igandean bizitakoaren gure ikuspuntua eman nahi genuke. Gure pilotarien ohorea eta izen ona hainbat hedabideetan zabaldu ondoren, erraza da polemikarik nahi ez dela argitaratzea. Idatzi honen helburu bakarra zuek gertatutakoa baloratu ahal izateko beste ikuspuntu bat izatea da.

Inork ez du pertsona batengan erabakien ardura gaineratzeko inongo asmorik. Biktimismoak lekuz kanpo daudela uste dut. Erabakiak antolakuntzarenak izan direla inongo dudarik ez dut. Baina paperak galtzeak ekarri ohi dituen errespetu faltak ere norenak izan diren dudarik ez dut.

Amezketako frontoian publikoki gezurrak diren salaketak egin zirela esatea oso erraza da, are gehiago frogatu ezin direnean. Frogatu daitekeena asteleheneko egunkarietan ateratakoa da, bertan pilotarien izenak eta akusazio larriak agertzen ziren.

Igandean gertatutakoa beste leku batzuetako diruarekin lotzea oso itsusia da. Gure elkarteko Xabier Sancho Sagardia eta Aitor Gorrotxategi hitza betetzen besterik ez ziren Madrilen. Txapelketa Nazionalarekin beti egin dugun bezala. Aurkezpena egin zen egunean kanporaketa ezberdinetako egunak Nazionalerako gorde genituen. Sekula ez dugu arazorik ipini antolakuntzak ezarritako egunekin. Sekula onartu ezin duguna da inongo motiborik gabe antolakuntzak nahi duen egunetara aldaketak egitea da. 3 alditan gertatu zaigu berdina. Gure pilotariek beste konpromezu batzuk hartzeko eskubidea dute eta beste antolatzaileek ere. Zuek eskatzen duzuen errespetua merezi dute. Kasualitatea al da horietatik Xabi Urbietak ondoko herri bateko txapelketa batean partida izatea? Ez da zaila zein txapelketa den asmatzen eta ondorioak zuek atera. Zuen erabakiekin gure planak guztiz aldatzeaz gain beste askorenak ere aldatzen dituzue. Hala eta guztiz ere, beti joan izan gara zuek esandako egunetan, baina igandean nahikoa dela esatea erabaki genuen.

Diru kontua zuek atera duzuenez, datu bat eman nahi nuke. Lehenengo urtean agindutako diru sariaren %40-a gutxiago jaso genuen. Gainera aurkezpenean esan zenez, finalistek Tasasoterapia ezagun batera joateko aukera izango zuten. Oraindik ez gara joan.....

Zuek zarete sariak txapelketaren datak erabakitzen dituzuenak. Inork ez zaituzte behartzen, baina emandako hitzarekin kunplitu beharra dago.

Araudian antolakuntzak datak nahi dituen bezala aldatzeko ahalmena duela lehenik gezurra da. Gezurra da kontratuko inongo ataletan horrelakorik ipintzen ez duelako. Bigarrenik, abusuzko klausula bat da, are gehiago beste aldeak defendatzeko ahalmenik ez badu eta data horiek errespetatzea besterik geratzen ez bazaio. Abusuzko klausulak debekatuta daude.

Xabi Urbietak antolakuntzari deitu zion urtarrilaren 10 aldera ea finaleko data mantenduko zuen galdetuz. Ez zuen berriro ere finalerdietako egoera berdina bizi nahi. Finalaren eguna mantentzen zela jaso zuen erantzun bezala. 10 egun lehenago berriro ere egunez aldatzea gehiegizkoa iruditzen zaigu. Kontratuan hori jartzen duela eta zer izango da hurrengoa? Bezperan aldatzea?

Bi aldiz hitz egin genuen antolakuntzarekin otsailaren 5ean izango genituen arazoak luzatzeko. Lehenik Xabier Sancho Sagardiak hitz egin zuen Idiazabalen. Bi egun beranduago gure presidentea den Jose Ramon Ibargoienek telefonoko bozgorailua jarrita eta zuzendaritzako gainontzeko kideak aldamenean zituela. Urtarrilaren 28an jokatzeko inongo arazorik ez genuen. Aurrerako taldeak

ere ez. Hau beste edozein antolatzaileri azaldu eta ulertuko lukeela ziur gaude. 2 hilabete lehenagotik ezarri finalaren data eta azken momentuan prensarekin hitz egiteko denbora gehiago behar zuelako aldatu? Arrazoi nahikoa da hori talde oso baten eskema guztiak aldatzeko? Nahi badugu kadeteekin joateko entzun behar dugu gainera?

Federazioak bere autoritatea erabili eta gehiegikeriak eta nahasteak mugatu behar dituela diozue. Demagogia hutsa. Orduan zergatik antolatzen duzue EH-eko kluben arteko txapelketa eta bere maila nabarmen oztopatzen txapelketa pribatu bat? Klub hoberenak Nazionalerako gorde ditzaten sari ekonomiko potoloak eskaini eta gehiegikerien errudun pilotariak? 

Espainiako txapelketa, torneo pribatuak, dirua…egunkari desberdinetan erruduntzat jartzen dituzuen arrazoiak beti izan dira pilotan. Pilota ez da atzo asmatua eta pilotariak beti murgildu izan dira ongi zurrunbilo honetan. Baina sekula ezagutu ez duguna horrelako antolakuntza bat. Bertako baten jarrera autoritario eta errespetu faltek ez dute lagundu egia esan. Igandean kadeteekin joateko egin zitzaigun luzapena adibide garbi bat da.

Amaitzeko igandean Amezketan bildutako pilotazaleei eta epaileari ere barkamena eskatu nahi genioke berriro ere. Ez zen inorentzat erraza izan, baina gehiegikeria hauekin amaitu behar genuela garbi geneukan.

Usurbilgo Pagazpe Elkarteko Zuzendaritza