Torturaren aurka elkarretaratzeko deia gaur 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 13a, 06:44

Mobilizazioa Ernai Usurbilek eta Sortu Usurbilek deitu dute. Aipatu moduan, astelehen honetarako, otsailak 13, arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, gaur Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela. "Hemen torturatzen zen eta torturatzen da" aldarripean deitu da arratsalde parterako antolatu den mobilizazioa.

Torturaren Aurkako Nazioarteko Egun honen bezperan, igandean ere mobilizazioak deitu zituen Sortuk Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa, Antiguako Ertzaintzaren komisaldegi atarian burutu zuten. Zenbait usurbildarrek parte hartu zuten hitzordu honetan. Erakunde publikoek torturatu dela onartu eta biktimak erreparatzea ezinbestekoa dela gogorarazi zuten.

Egunotako mobilizazioez gain, martxoaren 11rako nazio mailako manifestazioa deitua dago Bilbon, torturaren aurka eta torturatuen aitortzaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen alde.

5.657 tortura kasu egiaztatuak jada

Euskal Memoria Fundazioak argitaratu dituen azken datuen arabera, guztira ikertutako azken 40 urteotako 7.582 kasuetatik 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu. "Torturaren erabilpen sistematikoa berretsi baino ez du egiten zifra horrek. Beldurgarria inondik ere", diote aipatu Fundaziotik. Datu gehiago. Kasu guztiotatik, "4.755 gizonezkoei dagozkie, eta, emakumezkoei, berriz, 902, aztertutakoen %16, gutxi gorabehera". Tortura kasurik gabeko 1.925 kasu izan dira, "ikertutakoaren %25" baino ez. 

Tortura kasuetan, atxiloketetako arduradunak berriz, Espainiako Polizia (2.677 kasu, %47), Guardia Zibila (2.348 kasu, %41) eta Ertzaintza (407 kasu, %7)  izan dira bereziki. "Gainerakoen atzean beste zenbait herrialdetako segurtasun-indarrak azaltzen dira", ohartarazi du Euskal Memoriaren Fundazioak.

Behin behineko datuak

Gaineratu dutenez, bukatu gabe dagoen lana da honakoa. Horregatik ohartarazten dute, zenbakiok behin behinekoak direla eta ahal duten neurrian, torturari buruz ikertzen segiko dutela. Torturatua izan baina lekukotasuna eman ez duen edonori, lekukotza ematera animatzen du Euskal Memoriaren Fundazioak. Aipatu fundazioarekin hartuemanetan jartzeko bideok daude:

943 244 584 

688 693 776

info@euskalmemoria.eus

Euskal Memoria Fundazioa, Ametzagaña 19 behea, 20012 Donostia