Kirolariak, kazetariak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, sendagileak, sagardotegietako langileak, sindikatuak, eragile sozialak, hezkuntza munduan lanean dabiltzanak... Bizibide ezberdinetako gipuzkoarrak batu zituen ostegun eguerdian GuraSOSek Donostiako Haizeen Orrazian egin zuen agerraldian. "Elkarrekin gehiago gara", aldarrikatu zuten, eta noski, guraso taldeak otsailaren 19rako deitua duen manifestazioarekin bat egin zuten. Babes zabala jasotzen ari da aipatu mobilizazioa. "Hain adierazgarri den Haizearen Orrazitik, itsasoak eta haizeak edertasun nahiz indar guztia agertzen duten leku honetan dei egiten diogu gizarteari. Bete ditzagun Donostiako kaleak datorren otsailaren 19an. Ur tanten antzera elkar gaitezen, bat egin dezatela gure eskuek eta osatu dezagun itsaso bare bat", adierazi dute.
Aste honen amaierarako deitu duten mobilizazioa, ez erraustegiaren aurkakoa ezta foru gobernuaren aurkakoa ez dela izango diote. GuraSOSek landu eta aurkeztua duen bide-orria babestearen, hondakinen kudeaketaren gaiari guztion artean irtenbide adostu bat ematearen aldekoa baizik. Horregatik, konponbide adostu batera heltzeko, "adostasun batera eramango gaituen gizarte eztabaida bat beharrezkoa dela uste dugu. Gehiengoa lortuta ere inposizioak baliorik ez dutelako. Etiketarik gabeko gizartearen lekua aldarrikatu nahi dugu. Demokrazia aberastu nahi dugu zuzeneko parte hartzearen bidez. Zubiak eraiki nahi ditugu eta ez trintxerak. Harro sentiaraziko gaituen Gipuzkoa hobe bat nahi dugu. Ezinezkoa nahi dugula esateak ez du balio. Beste zenbait lekutan lortzen ari dira eta Gipuzkoa elkarrekin gehiago izango da".
Foru Aldundiari: "Aurrez aurre hitz egin dezagun"
Gizartean gai honi buruzko informazio eta eztabaida gardena eta herritarren parte hartzea sustatzea ezinbesteko direla defendatzen du GuraSOSek. "Eztabaida garden eta sosegatu bat nahi dugu", adierazi diote. "Batzar Nagusiek onartu beharko dute PIGRUG plan berri hori baina legearekin bat egin beharko du, parte hartze prozesu baten ondorioz", gaineratzen dute.
Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanori biltzeko deia egin diote, "aurrez aurre hitz egin dezagun. Eta utz dezagula alde batera komunikabideen bidez egindako interpelazioa. Uztailaren 6az geroztik ari gara bilera bat egin nahian eta gutaz zein gure proposamenetaz hitz egin baino nahiago ditugu partekatzea, egokiago litzatekeelako. Zuen irudipenak entzun nahi ditugu eta honekin batera elkarrizketa bilatu eta baita gerturatze aukerak ere. Irekitzazue Foru Aldundiko ateak, ez ezazue erakundeekin gotorlekurik egin. Ez gara herritarrok zuen konpetentzia, zuen osagarri baizik".
Manifestazioa
Eguna: otsailak 19, igandea.
Ordua: 12:00.
Ibilbidea: Donostiako Artzai Onaren Katedrala, San Martin kalea, Foru pasealekua, "Republica argentina" kalea, Bulebarra.
Amaieran: "guztiok eskuak elkarri eman eta gora igoko ditugu, gizarte batasuna adierazteko asmoz".
Aldarria: "Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!".
Antolatzailea: GuraSOS.
GuraSOSen bidelagun kopurua hazten doa nabarmen
Gipuzkoako gizarte ordezkaritza zabalaren atxikimenduak batu ditu GuraSOSek otsailaren 19ko manifestazioari begira, eta honenbestez, baita hondakinen kudeaketaren gaiari irtenbide adostu bat emateko aurkeztua duen bide-orria babesteko ere. Idazleak, aktoreak, zinegileak, musikariak, marrazkilariak, kazetariak, denetariko kirolariak, sindikatuak, hezitzaileak, gizarte eragile ezberdinak... Guztion babesa jaso du jada guraso taldeak. Nabarmen hazi da beraz, GuraSOSen bidelagun kopurua. Ikusi bestela honako zerrenda hau. Izen ezagunez josia dago. Hemen duzue zerrenda osoa:
http://www.noaua.eus/2017/02/09/gurasosen-bidelagun-kopurua-hazten-doa-nabarmen/