EHBilduren ustez onura handiak ekarriko ditu, eskualdea garatzeko lankidetza hitzarmenak

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 13a, 10:40

Eskualdeko EHBildu udal ordezkariek, Beterri-Buruntzako sei udalerriek (tartean Usurbilgoak) eskualdea sozioekonomikoki garatzeko urtarrilaren 27an sinatu zuten lankidetza hitzarmena baloratu dute agerraldi bidez, eguerdian Hernanin. "Onura handiak ekarriko dizkie eskualdeko ekintzaileei, enpresei eta, oro har, herritarrei”, azaldu dute koaliziotik. Aurretik, zenbait egitasmo elkarlanean landu dituzte eskualdeko udal gobernu talde desberdinek. Urrats berri honek jardun hau erraztu eta areagotuko duela dio EHBilduk. Honez gain, etorkizunean garapen agentzia izateko lanean segiko dutela adierazi dute ohar bidez, lehentasunezko gaia baita Usurbilgo EHBildurentzat.

Aurreko legegintzaldian hasi ziren eremu honetan lanketan, elkarlana sustatzen. “Indar handia jarri dugu eskualdea osatzen dugun udalen arteko elkarlana bultzatzen eta marko juridiko bat sortzen. Gure eskualdearen garapenak ekonomia eraldatzailearen printzipioetan oinarrituta egon behar duela oso garbi daukagu”, diote EHBildutik.

Eskualdean ekonomia sozial, solidario eta eraldatzailearen printzipioen araberako garapena sustatu nahi dutela azpimarratzen dute. “Toki garapen ekonomikoa eta soziala kooperatibismoan, jasangarritasunean eta parte-hartzean oinarrituta egon behar dutela ulertzen dugu. Lankidetza-hitzarmen hau bultzatu dugu gure eskualdea bidezkoagoa, iraunkorragoa eta parekideagoa lortzeko tresna izan dadin”, adierazi dute. 

Irudia: EHBildu.

6 udalerriek elkarlanean garatuko dute eskualdea

Garapen agentziarik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra da gurea, Beterri Buruntza. Aurrera begira egitasmo honi lotutako urratsak ematera konprometitu ziren urtarrilaren 27an eskualdeko sei udalerrietako alkateak: Xabier Arregi (Usurbilgo Udala), Zorione Etxezarraga (Astigarragako Udala), Luis Intxauspe (Hernaniko Udala), Ana Karrere (Andoaingo Udala), Jesus Zaballos (Lasarte-Oriako Udala) eta Mikel Pagola (Urnietako Udala).

Beterri-Buruntzaren eskualdearen garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorreko zerbitzuak elkarlanean eskaintzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten Andoaingo Udaleko udalbatza aretoan. 

Honatx lankidetza hitzarmen berri honen gako nagusiak:

-Erronka: eremu honetan udal bakoitzak dituen baliabideak hobeto aprobetxatzea eta eskualdeko herritar eta enpresei zerbitzu bateratua eta hobea eskaintzea.

-Arlo sozioekonomikoarekin loturiko politikak eta jardunak modu koordinatuan eskaintzea herritar, ekintzaile eta enpresei. 

-Eremu honetako zerbitzuak ez dira bikoiztuko.

-Baliabide publikoak eraginkorrago kudeatuko dira; lokalak eta eraikinak partekatu, eta zerbitzu eta langileen kontratazioa zentralizatu ahalko da.

-Tokiko enplegu planak, ekintzaileentzako eta enpresentzako zerbitzuak eta sektoreetako foroak elkarlanean jarriko dituzte abian sei udalok.

-Ordezkari politikoez osaturiko Batzorde Kudeatzaile bat eratuko da. Udalbatza bakoitzak bina ordezkari izendatuko ditu. Honez gain, koordinazio tekniko eta administratiborako batzorde bana ere eratuko dituzte.

-Egitasmoak sei udalen urteroko ekarpenek finantzatuko dituzte. Udal bakoitzaren ekarpena, Foru Aldunditik jasotako foru-funtsaren araberakoa izango da.

-1.290.976 euro bideratuko dituzte sei udalok, eremu honetako egitasmoetara.

-Lau urteko iraupena izango du hitzarmenak, baina lehenago eten daiteke, baldin eta "sei udalek eskualdeko Garagen Agentzia edo beste mota bateko erakundea eratzea erabakitzen badute". Kasu honetan, erakunde berri honek bereganatuko ditu programak, proiektuak eta zerbitzuak.