Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan dugu astelehen hau. Usurbilgo Sortuk eta Ernaik deituta, elkarretaratzea egin zen atzo iluntzean frontoian, "hemen torturatzen zen eta torturatzen da", aldarripean. Mobilizazio amaieran honako adierazpena irakurri zuten:
ELKARRETARATZEKO ADIERAZPENA
Otsailak 13: Torturaren Aurkako Eguna
"Goizeko 4ak aldera bota zuen nire etxeko atea Ertzaintzak, handik kalabozora. Argi utzi zidaten hasieratik beraien asmoa".
Otsailaren 13aren laztasuna ikusi dugu beti hemen. Joxeren gorpu ubelduan, Joxean eta Joxiren lur azpiko hezurretan, Unairen aurpegian, Nekaneren telefono deian... Olatzen gutunean, Mari Karmenek egin beharreko kilometro bakoitzean. Presente dago ezabatutako muraletan. Herri honen historia liburuetan.
Torturatzen zen, eta torturatzen da. Mahai gaineetan ordea, ez da ageri. Gordeta eta hautsez betea topatzen dugu oraindik ere. Baina hautsak ez dio pisurik kentzen egiari. Izan ere, pasa den urtean Euskal Memoria Fundazioak 5.500 tortura kasu frogatu zituen. Euskal Herriaren historian egondako atxiloketen %78an emandako tortura kasuak frogatu dituzte. Badakigu ordea, gehiago gertatu zirela eta haietako asko historiaren ilunpean gelditu direla.
Zenbaki hauek ez dira Urkullu eta Jonan Fernandezen txostenetan agertzen. Berriz ere Memoriaren liburua falta diren pasarteak gabe idatzi nahian dabiltza, baina ez diegu utziko. Urkulluk bere nahira erabakitzen du zer den eta zer ez tortura bere armada propioa erabiliz, herritarron zaintzataz arduratu beharko lukeen hori. Urte luzeetan inpunitate osoz jipoitu gaituzten beltzezko txapel gorriak. Ertzaintzak milaka eta milaka herritar atxilotu, mehatxatu, bortxatu, torturatu eta jazartu ditu.
Baita gaur egun ere eta baita Usurbilen ere. Ez al da ba tortura Mari Karmenek bere biloba jaioberria ezagutzeko Picassenteraino korrika eta presaka joan behar izatea? Ez al da tortura familiari bertan egotea debekatu ostean, zure haurra funtzionarioz inguratuta erditzea, jaioberriaren aita 150 kilometrora konfinaturik mantentzen duten bitartean? Torturak, borreroak bezalaxe, milaka aurpegi ditu. Eta hau ikusi nahi ez duenak, hark jakingo du zergatia.
Gaur egun memoriaren bataila inoiz baino goriago dago. Bazterrean utzi nahi dute herri honen askapen borrokaren historia. Distortsionatua eta kriminalizatua.
Ez ahaztu, herri honetan torturatu egin da eta torturatzen jarraitzen da. Eta ezin dugu onartu.