Usurbilgo Sortuk babesa adierazi die Olatz, Patxi, Xua eta Mari Karmeni

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 15a, 04:40

NOAUA!ra helarazi duten idatzian, pozarren ospatu asmo zuten Xuaren jaiotza une gazi-gozoan bilakatu dela gogorarazten du Usurbilgo Sortuk, Olatzen ama Mari Karmen Anzaren osasun egoera dela eta. Urtarrilaren 19az geroztik Valentziako ospitaleko ZIU-n dago. Gogoan izan bestalde, Patxi Urangak baimena eskatua izan arren, 21 egun itxaron behar izan duela Alacanteko espetxetik Olatz eta Xua dauden Valentziako Picassentera lekuz aldatu eta alaba ezagutzeko. "Xua, Olatz, Patxi eta Mari Karmeni une zaila bizitzen ari zareten honetan, samin guztien gainetik gure animu eta besarkada maitakorrenak helarazten dizkizuegu", adierazi die Usurbilgo Sortuk idatzi honen bidez:

Borreroaren aurpegiak…

Aspaldian zain ginen Xua, Olatz eta Patxiren alabaren jaiotzari ongi etorria emateko. Tamalez ordea, pozarren ospatu nahi genuen ekimena gazi-gozoa bilakatu zaigu Mari Karmenen (amonaren) osasun egoera dela eta.

Sarritan atera gara plazara euskal preso politikoei eta senideei sakabanaketarekin aplikatzen zaien zigor bikoitza salatzera. Gaur ere hori adierazi nahi dugu idatzi honen bitartez, Usurbilgo herritarren aurrean: Mari Karmen, bere alaba eta biloba bisitatzera joan eta bertako ospitale batean (Valentzian) ingresatu behar izan zuen larriki gaixotu zelako, Euskal herritik eta bere senide eta lagunengandik urrun, egoera honek sortarazten dituen eragozpen guztiei aurre egin beharrean. Berriro ere estatuaren biolentziak, bakerako eta konponbiderako urratsei muzin egin eta bere aurpegi zital eta mendekatzailea erakutsi digu presoen eta senideen eskubideen zapalkuntzan, garaile eta garaituen errelatoa inposatu nahian.

Berrikitan Usurbilen burututako KALERA, KALERA!! ekimenaren kriseiluaren argia Euskal Herri osora hedatu denean dei egiten diegu herriko eragile, instituzio eta herritar orori presoak kaleratzearen alde eta urteetako gatazka politikoaren konponbidean indarrak batu eta elkarlanean urrats berriak eta konpromisoak burutzeko.

Azkenik, Xua, Olatz, Patxi eta Mari Karmeni une zaila bizitzen ari zareten honetan, samin guztien gainetik gure animu eta besarkada maitakorrenak helarazten dizkizuegu. Eta bereziki zuri Xua guk izan duguna baino Euskal Herri aske eta hobeago bat izan dezazun lanean jarraituko dugu. Borreroaren mila aurpegiek ez dezatela gure irribarrea itzali.

PRESOAK KALERA!!!!!

Usurbilgo SORTU

Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatu dute Orion

Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga, Xua eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu, elkartasuna adierazi eta hirurak lehenbailehen euskal herriratzea eskatu zuten hainbat usurbildar eta oriotarrek, hilaren 10ean Orioko Salatxo aretoan egin zuten agerraldian. "Ez da inorentzat zaila irudikatzea ama berriaren bakardadea, aitaren ezintasuna, amonaren tristura. Erraz konpreni dezakegu familiaren eta gertukoen ezintasuna. Izan ere, zer dela-eta jaio behar izan du Xuak bere herritik 600 kilometrora? Zergatik behartu da familia hori hain egoera zailera? Sufrimendu hori doakoa da eta bidegabea. Biolentzia hori ez da onargarria. Garai hauetan horrelako egoerak erabat tokiz kanpo daude. Hortaz Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu", adierazi zuten.

Sorterritik 600 kilometrora 

Olatz, Patxi, Xua eta haien senideek bizi duten egoera latza gogorarazi zuten. "Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga guraso izan dira espetxean. Xua bere herritik 600 kilometrora munduratu zen urtarrilaren 19an. Erditzeko momentuan ez zegoen ez familia artekorik eta ez lagunik aldamenean. Ospitaleko mediku eta erizainek zaindu zuten, poliziek zelatatu", azaldu zuten. 

Olatzek bakarrik egon behar izan zuen erditze unean. Xuak sorterritik 600 kilometrotara jaio behar izan zuen. Haiek bisitatzera joan zen ahal bezain laster, Olatzen ama Mari Karmen Anza. Baina gaizki sentitu eta Valentziako ospitaleko ZIUn dago urtarrilaren 20az geroztik. "Olatzen ama Mari Karmen, ahal bezain azkar iritsi zen, bere alaba eta bilobatxoarekin egotera, haiek besarkatzera. Baina pneumoniak jota ez du aukerarik izan maiteekin egoteko; eta bera ere ingresatu egin behar izan zuten, zaintza bereziko unitatean", adierazi zuten. Mari Karmen ere sorterritik 600 kilometrotara dago ospitaleratua.

21 egun, alaba ezagutzeko

Xua jaio zenean, Patxi Alacanten zuten preso. Xua jaio eta 21 egun igaro behar izan dute, Patxik alaba ezagutzeko, "nahiz eta aspaldi eskatua zuen espetxe-aldaketa". Urangaren egoerari loturiko nobedaderik bada. Aurreko asteazkenean eraman zuten oriotarra Alacantetik Olatz eta Xua dauden Valentziako Picassentera, alaba ezagutu zezan. Orain ez dago argi noiz, baina Patxi berriro eramango dute Picassentetik. Eta honenbestez, berriz urrunduko dute Olatz eta ezagutu berri duen Xua alabarengandik. 

Olatz, Patxi eta Xuaren aldeko asteotako elkartasun ekimenak

Urtarrilak 25, asteazkena: Olatz Lasagabasterren izebaren gutuna GARA egunkarian

Eskutitz gogor eta hunkigarria argitaratu zuen Gara egunkariak. Arantza Anza, Olatz Lasagabasterren izebarena hain zuzen. Oso argi adierazten zuen bizitzen ari diren injustizia. Hemen duzue osorik, "Gizatasuna guztiaren gainetik" izenburua daraman gutuna (euskaratua): Aranza Anzaren gutuna

Urtarrilak 27, ostirala: elkarretaratze berezia

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Mikel Laboa plazan antolaturiko elkarretaratzean Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu eta elkartasuna adierazi zien Usurbilgo herriak. Eskutitzak idazteko aukera izan zen, animu eta elkartasun mezuak helaraztekoa bai idatziz baita irudi bidez ere. Gazteak, helduak, preso ohiak, presoen senideak, gurasoak, haurrak, Usurbilgo herriak berak... Denek babes eta elkartasun mezua igorri nahi izan zieten, gugandik 600 kilometrotara diren Olatz, Patxi, Xua, Mari Karmen eta haien senide eta lagunei. Hemen mobilizazio hartako irudiak eta kronika.

Urtarrilak 31, asteartea: EHBilduren mozio onarpena osoko bilkuran

"Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu", eskaera argi hau egin zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak azken osoko bilkuran, EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen mozioaren bidez. Testuak, Xuari ongi etorria eman eta kezka adierazten du Mari Karmen Anzaren osasun egoeragatik, familiari laguntza eskaintzearekin batera. Era berean Olatzen espetxe berean, Valentziako Picassenten dagoen Sara Majarenas eta Izar lehenbailehen baldintzapean aske uztea eskatu zuten. Honatx osoko bilkura hartako mozioa eta kronika.

Otsailak 1, asteazkena: Olatz eta Patxiren Orioko lagunen gutuna (Irudia: Karkara)

“Dispertsioak senide zein lagunei trabak jarri eta presoen kontra ingeniaritza emozional krudela egitea errazten du. Bizi dugun egoera politikoari dagokion humanismoa da eskatzen dugun gauza bakarra. Preso daudenek ere berezkoak dituzten giza eskubideak bermatuak izan daitezela eta askea den haur jaio berria dagozkion eskubideen jabe izan dadila bizitzaren lehenengo momentutik”, adierazi dute Olatz Lasagaster eta Patxi Urangaren Orioko lagunek, “Haur jaio berri bat preso?” izenburupean udalerri bereko Karkara herri aldizkarira igorri duten gutunaren bidez. Ondoko argazkiarekin ongi etorria eman nahi izan diote Xua, Olatz eta Patxiren alaba jaioberriari. Esteka honetan irakur dezakezue gutuna bere osotasunean: Olatz eta Patxiren Orioko lagunen gutuna.