GuraSOSen bide-orria babesteko, igandean Donostian deitu duten manifestazioa

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 15a, 06:53

GuraSOSetik argi adierazi dutenez, igande honetarako (otsailak 19) Donostian deitu duten manifestazioa, ez da ez erraustegiaren aurkakoa ezta foru gobernuaren aurkakoa ere. Hondakinen kudeaketari loturiko arazoari irtenbide adostu bat ematea eskatzeko mobilizazioa baizik. Denbora da GuraSOSek konponbide adostu horretarako bide-orria aurkeztu zuela. Bide-orri horren aldeko manifestazioa izango da hilaren 19koa. Honatx bide-orriak hitzez hitz dioena:

Konponbide adosturako zortzi puntu

1-Berehalako erabakia hondakinen kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egiteko edo haiek GELDIARAZTEKO. Epe laburrera zerbitzua emateko beharrezko diren bitartekoak kontratatzea.

2-LEGEZTATZEA. Paraleloki premiaz ekitea Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusteko izapideei.

3-GIZARTERATZEA: Foru Aldundiaren baitan mahai soziala sortzea hondakinen kudeaketarekin lotutako herritar elkarte eta mugimenduen presentzia eta partaidetza bermatzeko.

4-INFORMAZIOA ETA GARDENTASUNA. Mahai tekniko bat sortzea Foru Aldundiaren baitan osasun publikoaren gaian eta hondakin kudeaketan aditu eta teknikari direnen presentziarekin, Foru Gobernuaren proposamenez, foru parlamentuko talde politikoen proposamenez eta halaber elkarteen proposamenez izendatuak.

5-PARTAIDETZA BIDEZKO HAUSNARTZE PROZESUA: 3. eta 4. puntuan aurreikusitako mahaiak Hondakinen Foru Planaren berrikuspenaren tramitazio prozedurara bilduko dira, indarreko legediak aurreikusi bezala (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 10. artikulua; ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikulua (2003/4/EE eta 2003/35/EE arteztarauak txertatzen ditu) eta herritarren   partaidetzari   buruzko   uztailaren   8ko   1/2010 Foru Araua.

6-OSASUNAREN BABESA ETA GIZARTE KOHESIOA.- Prozesuan parte hartzen dutenek jarraibide komun partekatu batetik abiatzen dira: osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritu eta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.

7-HOBETO EGOKITZEA GAIARI BURUZ EUROPATIK DATOZEN POLITIKEI.- Irtenbideak izan behar du baliabideen erabilera eraginkorrari buruz 2015eko uztailaren 9an Europar Parlamentuak emandako Ebazpenari hobekien egokitzen zaiona.

8-AKORDIO ETA IRTENBIDE PARTEKATUA.- Ordezkari politikoek lortuko dute aurre egin beharreko bi arazoei irtenbidea ematen dien AKORDIO politikoa: hondakinen kudeaketari eta gizarte kohesioaren gabeziari, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua balira bezala. Akordio horren zimenduak izango dira partaidetzazko hausnartze prozesuaren fruitu izango diren adostasun tekniko eta sozialak.

Manifestazioa

Eguna: otsailak 19, igandea.

Ordua: 12:00.

Ibilbidea: Donostiako Artzai Onaren Katedrala, San Martin kalea, Foru pasealekua, "Republica argentina" kalea, Bulebarra. 

Amaieran: "guztiok eskuak elkarri eman eta gora igoko ditugu, gizarte batasuna adierazteko asmoz".

Aldarria: "Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!".

Antolatzailea: GuraSOS.

Atxikimendu zerrenda

GuraSOSen agerraldia

Otsailaren 19ko mobilizazio aurkezpena