Sorterritik urrun daudenekiko elkartasunak, txoko berria Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 15a, 05:49

Errekatxiki eta Zubiaurrenea kaleek bat egiten duten puntuan, errotonda parean dagoen etxe azpiko horma nola itxuraldatzen doan ikusteko moduan gara egunotan. Azken aldian horma zuritua zegoen, baina lehenago, oroituko duzue, euskal presoen euskal herriratzea eskatzeko aldarria biltzen zuen horma irudi bat zegoen. Denborarekin hondatzen joan zen.

Gutxi barru, aldarri bera islatuko du berriz, Errekatxikiko etxe azpiak. Horretarako lanean dabiltza asteotan, Ibai Etxarri eta Antton Ugarte. Muralak landu eta diseinu grafikoaren eremuan aritzen den Ugarri taldea sortu zuten bi lagun donostiarrok. Momentuz ez dira bizi lanotaz, baina “ia proiektuak ateratzen doazen pixkanaka”, adierazi diote aldizkari honi.

Udalerri honetan dabiltza asteotan, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen eskariz. “Lehen zegoen murala zaharkitua eta hondatu samar zegoen. Berritzeko asmoarekin kontaktatu ziguten Usurbildik”, adierazi dio NOAUA!ri Anttonek.

Gertuko errealitatea

Senide bat sorterritik urrun izatea, gertutik bizi duten errealitatea da honakoa, Etxarrik adierazi duenez. “Lehengusu bat preso dut. Kartzelan bere komikiak sortu ditu. Keinua egin nahi izan diogu bere sortze lanei, bere komikien ilustrazio berdinak dira hauexek”, adierazi digu Etxarrik.

Txanponak botatzeko makina bat marrazten ari direla ikusiko duzue. Bertatik, noiz edo noiz panpinen bat ateratzen duen makina bat da. Espetxe barruan preso segitzen dutenak, noizbehinka aske geratzen direnak, edota kanpoan zain dituzten senide eta lagunak ongi baino islatu nahi izan dituzte panpin makinaren metafora baliatuz. “Gertutasun hori. Familian presoekiko duten maitasun hori guztia islatu nahi izan dugu”, adierazi digu Etxarrik. Baina beste ikuspuntu bat eman nahi diote, “ez hain zuzena, metaforikoagoa”.

Irudiok estilo propioz ari dira lantzen. “Askok espraia erabiltzen dute. Guri lerro finkoagoa, definituagoa izatea gustatzen zaigu”, adierazi dute. Laster ikusiko dugu emaitza. Sortze lan hau amaitzear dira.

Ugarri sarean:

Facebook: Ugarri

ugarriart@gmail.com

instagram.com/ugarriart

Aspaldiko asmoa

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak sustatu du ekimen hau. “Aspaldiko asmoa da aurrekoa oso izorratua baitzegoen. Hura Karlos Zabala eta Amaia Kasasolak egin zuten haurrekin auzolanean”, oroitarazi dute. Eraikineko bizilagunen adostasunarekin ari dira berritzen horma irudia. “Halere, desiratzen gaude horrelako mural erreibindikatiboak egiteko premiarik ez izateko! Baina bitartean, ez gaituzte isilduko eta presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatzen segiko dugu”, adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.