Larunbat honetarako, otsailak 18, deialdi berezia egin du Matrakak, Usurbilgo Talde Feministak. “Aizan! Datorren larunbatean, 18an, 19:30etan Dema plazan ikusiko gaitun baxoerditan dantzan! Denok eman behar dugu zerbait etxekoandreok dena eman ez dezagun”. Parte hartzeko gonbita luzatu dute.
Martxoaren 8rako prestatzen
Emakumeen Egunari begirako ekimenak antolatzeko lanean dabiltza Matrakak, Usurbilgo Talde Feminista eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila. Momentuz, bi ekitaldi lotu dituzte; azken urteotan arrakastatsua suertatu izan den bertso-afaria martxoaren 10erako (ostirala) eta autodefentsa feminista tailerra martxoaren 18rako. Aurrerago emango dute, Martxoaren 8rako aurreikusiak dituzten ekimenen berri zehatzago.
Irudia: artxibokoa.