GuraSOSek laguntzaileak behar ditu, igandeko manifestaziorako

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 16a, 02:17

Hondakinen kudeaketaren arazoa adostasunez konpontzeko, elkarrizketaren eta plazaratua duten bide-orria babesteko manifestazioa deitu du GuraSOSek igande honetarako, otsailak 19, Donostian. 12:00etan Artzai Onaren Katedral paretik abiatuko den mobilizaziorako laguntzaileak behar ditu antolakuntzak. Parte hartzera deitu dute. Animatzen direnak, igandeko goizeko 10:30etan Donostiako Artzai Onaren Katedral atarira agertu daitezela.

Manifestazioa

Eguna: otsailak 19, igandea.

Ordua: 12:00.

Ibilbidea: Donostiako Artzai Onaren Katedrala, San Martin kalea, Foru pasealekua, "Republica argentina" kalea, Bulebarra. 

Amaieran: "guztiok eskuak elkarri eman eta gora igoko ditugu, gizarte batasuna adierazteko asmoz".

Aldarria: "Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!".

Antolatzailea: GuraSOS.

Herritarrak, erabakiko dutenak

GuraSOSek iganderako Donostian deitu duen manifestazioan "gure ahotsa entzunarazteko" deia egin du azken asteotako agerraldien bidez. Erraustegiko lanak esleituak egon arren, "hemen ez da ezer bukatu" gogorarazten dute. "Harresi hori harriz harri deseraiki dezagun eta eraiki dezagun guztion artean etxe komun bat", deitu dute. Hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa elkarrizketaren eta adostasunaren bidez konpontzea eta konponbide horretara heltzeko, GuraSOSek aurkeztua duen bide-orria babesteko manifestazioa izango da hilaren 19koa. 

Aurpegi ezagunen atxikimendua

"Elkarrekin gehiago gara", hala adierazi zuten hainbat aurpegi ezagunek duela astebete Donostiako Haizearen Orrazian egin zuten agerraldian. Iganderako GuraSOSek deitua zuten manifestazioarekin bat egin zuten. "Hain adierazgarri den Haizearen Orrazitik, itsasoak eta haizeak edertasun nahiz indar guztia agertzen duten leku honetan dei egiten diogu gizarteari. Bete ditzagun Donostiako kaleak datorren otsailaren 19an. Ur tanten antzera elkar gaitezen, bat egin dezatela gure eskuek eta osatu dezagun itsaso bare bat", adierazi dute. Foru Aldundiari biltzeko eskaera luzatu zioten beste behin. Ondoko esteka hauetan dituzue GuraSOSen azken asteotako agerraldien inguruko xehetasun gehiago:

Atxikimendu zerrenda

GuraSOSen agerraldia

Otsailaren 19ko mobilizazio aurkezpena