Iazko azaroan, Usurbilgo Ernaik “Eraikuntza lanetan ari gara” dinamica eta herriko gazte eragileekin osatutako diagnosia aurkeztu zuen. Bertan azaldu ziren kezka eta hutsune nagusiei aurre egiteko asmoz, proiektu alternatiboak eraikitzen hasteko lanean jarri dira Aginaga, Usurbil eta Zubietako hainbat gazte. Bilera ireki bat antolatu dute ostiral honetarako, otsailak 17. Argazkiak dioen bezala, Potxoenean batuko dira gaur arratsaldeko 17:00etan. Bileraren harira, honako idatzia helarazi dute NOAUA!ra:
Proiektu alternatiboen sortze bidean, bilera irekia
Aginagako, Usurbilgo eta Zubietako gazteak
Euskal Herriko gazte mugimendua martxan da. Gazteek bizi dituzten arazo ezberdinen aurrean Alternatibak sortzeko garaia heldu zela adostu zuten 2015eko abenduan Añorgako Firestonen ekin zioten prozesu luze zein interesgarrian. Urtebeteko lan trinkoaren ostean, pasa den abenduko GAZTERAIKI topaketek Euskal Herriko gazte mugimendua indarberrituta atera zuten Barañainetik. Usurbilgo hainbat gazte ere bertan izan ginen, eta orain, gurera alternatiba horien eraikuntza lanak ekarri nahi ditugu.
2016ko azaroaren 18an egin genuen Potxoenean “Eraikuntza lanetan ari gara” dinamikaren aurkezpena, eta Usurbilgo Ernaik herriko gazte eragileekin osatutako diagnostiko txostena aurkeztu zigun bertaratutako gazteoi. Bertan azaldu ziren gaur egun herriko gazteek dituzten kezka eta hutsune nagusiak. Horiei erantzun bat emateko garaia dela ondorioztatu genuen, eta lanari ekiteko prest gaude.
Gazteok, Alternatiba hauen eraikuntzarako, autogestioa izango dugu oinarri. Hau da, guk geure bizitza ekonomiko, politiko, kultural zein sozialaren gainean erabakiak hartu eta errespetarazteko biderako konpromisoa hartu nahi dugu. Gazteok ere herriko errealita- tean zeresana badugulako.
Hala, GAZTERAIKI Topaketetan zenbait usurbildarrok Euskal Herri mailan sortzen ari ziren hainbat proiektu gertutik ezagutzeko aukera izan genuen. Proiektu hauek gazteoi eragiten diguten problematika ezberdinen aurrean sorturiko erantzunak dira, gai orokor hauetan barnebiltzen direlarik: jai ereduak, hezkuntza, lana eta prekarietatea, sorkuntza, feminismoa, autodefentsa, elikadura burujabetza, etxebizitza, euskara, kirola eta jarduera fisikoa, komunikazioa... Honela, 2016ko abenduko bilgune handi horren helburu nagusia proiektu horiek osatu eta errealitatera ekartzeko ditugun aukerak aztertzea izan zen. Hots, bertan aurkeztutako proiektuekin eta Topaketetan parte hartu genuen gazteon ekarpenekin, “Gu geu gara alternatiba” izeneko txostena osatu zen, non Euskal Herriko txoko guztietara hedatzeko asmoarekin lan ildo bakoitzak egindako lanketa deskribatzen den. Hona hemen ikusgai:
https://issuu.com/gazteokerai- kitzen/docs/gugaraalternativa
‘Konpromisoen gida’
Adibidez, jai-ereduen kasuan, “Konpromisoen gida” osatu da jai herrikoiek barnebiltzen dituzten eremuetan pauso berriak ematera bidean, jai herrikoien alde lan egiten duten kolektiboentzako konpromisoak zehaztuz (musika, zaborra, euskara, harremanak eta erasoak... nola kudeatu azaltzen ditu). Edota komunikazioaren lan ildoan, gazte problematikari erantzungo dion eta bere baitan gazte esparru zabala hartuko duen formakuntza zein entretenimendurako euskarazko tresna izango den gazte telebista sortze bidean da.
“Baditugu alternatibak sortzeko baldintzak” Hamaika dira lan ildo bakoitzean aurrera eraman daitezkeen proiektuak, eta herrian ditugun gabeziei aurre egiteko, Usurbilgo gazteok proiektu horiek definitzen hastera goaz otsailaren 17an, 17:00tan, Potxoenean egingo dugun bilera irekian.
Bertaratzeko gonbita luzatzen dizugu, Usurbilen ere gazteok baditugulako kezka eta ezintasunak, ametsak eta beldurrak. Baditugu beraz, Alternatibak sortzeko baldintzak.