Foru Aldundia, erraustegia lizitatu eta proiektu honekin aurrerantz doala ikusita, oso kezkatuta agertu da hedabideen aurrean, Lasarte-Oriako Garaikoetxea-Landaberri ikastolako irakasle talde bat. Ez da gutxiagorako. Erraustegia eraiki nahi duten eremutik 500 metrotara kokatua baitago ikastola hau. "Nolako eragin eta zein ondorio izan ditzakeen gure osasunaren kalteetan aintzat hartuz, kezka ezinegona bihurtu da", adierazi dute Donostiako Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren atarian.
Ezinegonez dira, haien kezka, 2016ko maiatzean ikastolako Organo Gorenak eskutitz bidez Donostiako Hezkuntza Delegaritzari adierazi eta ia urtebete igaro den honetan, oraindik ez baitute erantzunik jaso. "Erantzun argia eskatzen dugu. Hori jaso ezean, publikoki adierazten jarraituko dugu gure kezka", iragarri dute.
Oso kezkatuak, adituen txostenekin
2016ko maiatzean Hezkuntza Delegaritzari gutuna aurkeztu ostean, urte amaieran heldu zioten berriz gai honi Garaikoetxea-Landaberri ikastolan. "2016ko abenduan klaustro bat egin genuen erraustegiaren gaiaz eta bertan berretsi genuen gure kezka eta erantzunaren beharra", gogorarazi dute Gipuzkoako hiriburuan egin duten agerraldian.
Kezkatuta izateko arrazoi bat baino gehiago dutela zioten ostiral honetako agerraldian. Batetik, aditu ezberdinek argitara emandako txostenak, "tartean CSIC-koenak, sendagileez osaturiko Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldekoenak eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatearenak, eta bere ikerketa zorrotz, luze eta sakonek ondorioztatu dute, batez ere arnas eta kardiobaskular sistemak gerta daitezkeela kaltetuak, tumoreak eragiteraino ere".
Datuok eskutan, hainbat galdera eta zalantza sortzen zaizkie. "Nork ziurtatzen du gure haur ikasleen osasuna ez dela kalteturik izango hemendik ez oso epe luzera, urtero aurreikusten dituzten 155 mila tona errausketaren ondorioz haizatuko diren dioxina eta mikropartikula iragaitzez? Baita errausketaren ondorioz sortuko liratekeen aipatutako kopuru horren tratatu beharreko errautsen laurdenaz? Osasunean ondorio kaltegarriak ez dituela eragingo diote, ordea, Aldundiko agintariek; zein oinarri zientifikoz? Eta noren bermez? Ez, behintzat, Europar Batasuneko ingurumen Batzordearena. Piotr Barczak arduradunak dioenez, errausketa teknologiak, onurak baino, kalteak ekartzen ditu ekonomian eta ingurumenean".
Interes orokorreko proiektu izendatzearen aurka
Gaineratu dutenez, erraustegi proiektua ez dator bat ikastetxea sustatzen ari den ingurumenaren eremuko egitasmoekin. "Gure ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak eta Agenda 21 proiektuak, ingurumenaren sostengarritasuna jarduerak sustatzea duena helburu, ez lirateke ez kongruente, ezta bateragarri ere zaborraren kudeaketarako errausketa proiektua nagusituko balitz", azpimarratu dute.
Dituzten datuekin, aipatu ikastolatik kilometro erdira eraikitzen hasi nahi duten erraustegia, "ez dugu onartzen interes orokorrekoa izendatzea". Osasunarentzat kaltegarria izan daitekeen egitasmoa dela baitiote.
Irudiaren egilea: Garaikoetxea-Landaberri ikastolako irakasle taldea.