Euskal Inauteriek, Zubieta eta Lasarte-Oriaren arteko hartuemana sendotu dute

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 20a, 11:00

Badatozen inauterietarako girotzen hasten lehenak, zubietarrak izan ditugu aurten. Lasartearrekin batera, Euskal Inauteriak ospatu zituzten larunbat arratsaldean. Zubietatik abiatu zen kalejirarekin ekin zieten ospakizunei. Hipodromoko zubirainoko bidea dantza batean osatu zuten, festa giro betean. Karroza eta guzti.

Zubia, bi herrien lotune

Hipodromoko zubian zain zituzten lasartearrak. Bi herriak mugatzen dituen zubia, zubietar eta lasartearrak senidetzeko lotunean bilakatu zen. Bi herriek sinaturiko senidetze ituna berretsi zuten. "Itunak agintzen duen bezala, Lasarte-Oriako herriak honakoa eskaintzen dizue: 50 urrezko dukatu, 10 zato ardo, 20 kilo gari, 15 kilo arto, 30 kilo sagar, 40 odolki, 40 lukainka, 20 botila sagardo eta goizean puska biltzean jasotakoa", eskaini zieten zubietarrei.

Trukean, uzta, abereak eta herritarrak errespetatzea galdegiten zieten, zubiaz bestaldeko bizilagunei. Baita gehiago ere. "Iazko ituna berretsi bazen ere, gure herriak hainbat kalamitate eta gaitz pairatu ditu eta guzti horien atzean, beti Kaxkamalo egon da. Horregatik, itunari balioztasuna emateko ezinbestekoa da Kaxkamaloren burua. Eman guri Kaxkamalo eta guk zigortuko dugu herriko plazan, sutara botata", adierazi zuten lasartearrek.

Zubietarrek karrozan ekarri duten Kaxkamaloren burua entregatu eta bi herriotako ordezkariek elkarri eskua emanez berretsi zuten ituna. Dantzan ospatu zuten akordioaren berritzea, Okendo plazara kalejiran abiatu aurretik.

Lasarte-Oriako Tttakun Kultur Elkarteak zubietarrekin elkarlanean antolaturiko larunbateko ekitaldiokin begi bistakoa da; hemen dira 2017ko Inauteriak. 

INAUTERIETAKO EGITARAUA

Otsailak 24, ostirala

10:30ak aldera, Udarregi Ikastolako LHkoen desfilea kalez kale, "Martxa" dantzatuz. Ibilbidea: LH 1., 2, 3. mailakoekin Kaxkoan barrena ibiliko dira eta LH 4, 5 eta 6. mailakoak Kalezarrera igoko dira.

11:15-12:25 Udarregi Ikastolako ikasleen ikuskizuna Oiardo Kiroldegian. Sarrera mugatua. Haurren familiei sarrera bakarra emango zaie. "HHkoen dantza ikuskizuna hasiko da, urteroko beraien jantzi bitxiarekin. Ondoren, LHko ikasleak sartuko dira pistara eta "Zaborra ere gurekin dantzan" gaiaren inguruan eskainiko digute saioa. Ikasleek sormena landuz parte hartu dute dantza, koreografia eta istorioa antolatzen. Zabor eta zabor ontziez gain izango ditugu bai, beste pertsonaia berezi batzuk... ezetz asmatu?". 

LHko saioaren ondoren, DBHkoek hartuko dute kiroldegiko pista, "Musikalak" gaia hartuta, sorpresaz beteriko koreografiak eskainiko dizkigute".

Sarrera: Udarregi Ikastolak, haurren familiei sarrera bakarra emango die.

15:00 Aginagako Eskola Txikikoen emanaldia Aginagako frontoian. "Euskal Mitologia" ardatz duten euskal dantzak eskainiko dizkiete gurasoei.

15:30 Inauterietako kalejira Zubietako Eskola Txikitik abiatuta, Eskolan lantzen ari diren Euskal Mitologiari loturiko mozorroekin (galtzagorriak, gizontxoak, lamiak, sorginak...). Alamandegin, Barazarren eta Zubietako plazan egingo dituzte geldiuneak. 

19:30-20:30 Orbeldi Dantza Taldekoen kalejira Oiardo Kiroldegitik. Amaiera ekitaldia, 20:30etan Mikel Laboa plazan.

Otsailak 25, larunbata

Gaia: “Ingurumena”.

12:00-12:30 Burrunbazale txaranga frontoian.

12:30 Kantu Taldekoen jira abiatzeko 3 kantu abestuko dituzte Burrunbazale txarangakoekin Mikel Laboa plazan.

Ondoren, kantu-jira kalez kale eta Burrunbazale txarangakoekin kalejira. Bakoitzak bere ibilbidea osatuko du.

16:00 Karaoke festa Gaztelekuan. Mozorrotuta etorri!

17:00 Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako erraldoi txiki, handi eta buruhandien kalejira dultzaineroekin, udaletxetik abiatuta. 

17:00 Burrunbazale txaranga frontoitik abiatuta.

19:00-21:00/23:00-01:30 Kankhar musika jartzailea frontoian.

Oharra: behin behineko egitaraua. Aldaketak egon daitezke.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.