10.000 gipuzkoar baino gehiago, konponbide eta adostasun eske

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 20a, 12:40

Jendetza batu zen, milaka gipuzkoar, antolatzaileen arabera 10.000 lagunetik gora, igande eguerdian GuraSOSek deituta Donostian egin zen manifestazioan. Abiapuntuan, 12:00ak baino lehen, Artzai Onaren Katedral parean jendetza biltzen ari zela argi zen. Baina gero hiriburu erdiguneko kaleetan bizitakoa, gutxitan ikusitako irudia izan zen. Manifestazioaren amaiera ikusi nahi eta ezin, jende ilara amaigabea zelako. Helmugan, Bulebarrean are argiagoa zen GuraSOSen mobilizazioak erakarri zuen jendetza. Donostiako Udal parean antolakuntzak jarritako oholtza gainetik, Kursaaleko zubi aldera begira jarri eta ezinezkoa zen antzematea, zer tamainatako parte hartzea sustatu zuen manifestazioak. GuraSOSek hainbatetan, baita atzo ere errepikatu zuen "Gipuzkoarrak elkartuta gehiago gara" aldarriari itxura eta forma argia eman zion mobilizazioak.

Elkartuta gehiago gara

Batasun hori nabarmenagoa izan zen, hondakinen kudeaketaren auziari konponbide adostu bat eman eta Foru Aldundiari elkarrizketaren bidea zabaltzea eskatzeko eskuak altxa eta elkartu zituztenean, Ixak Arruti musikari usurbildarraren laguntzaz, "Txoriak txori" abestia kantatzen ari ziren artean. Itzela izan zen.

Azken hilabeteotan aldarrikatu eta eskatu dutena galdegin zuten beste behin, GuraSOSen izenean hitza hartu zuten elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak eta Estitxu Fernandez kazetariak; hondakinen kudeaketaren auziari irtenbide adostu bat ematea, horretarako elkarrizketaren bidea zabaltzea, eta herritarrek behingoz, gai honetan ere hitza hartu ahal izatea. Aurrean zituzten milaka herritarren artean gogorarazi nahi izan zuten, esku artean dugun erronkari aurre egitekorakoan, elkartuta gehiago garela, milaka gipuzkoarrek igandean Donostian argi utzi zuten moduan. "Eskerrik asko gurekin etorri zareten guztioi. Gipuzkoa aurrera doa! Elkarrekin gehiago gara", adierazi dute, manifestazioko antolatzaileek, sare sozialen bidez.