GuraSOSek 10.000 lagunetik gora bildu zituen igande eguerdian, hondakinen kudeaketaren auzia adostasunez konpontzea eskatzeko Donostian egindako manifestazioan. "Gaurkoa, herrialde maila baterako Gipuzkoan inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan da", nabarmendu dute. Horren adierazleetako bat, antolatzaileek eskainitako datua; "Manifestazio burua udaletxe aurrera heldu denean, bukaera San Martin eta Foru kaleen arteko gurutzean zegoen", ohartarazi dute. Mobilizazioko ibilbidean zehar gertatu bezala, manifestazioaren helmugan ere, "jendetzak Boulevard osoa bete du".
Pankarta ezberdinak
Manifestazioak aldarri nagusi bat zeraman; “Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez./ Sin Conflicto. La solución es el acuerdo” zioena. GuraSOS Elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak, Garbiñe Biurrun epaileak, Arantza Campos, Zuzenbideko irakaslea eta emakumearen berdintasunaren aldeko militanteak, Garikoitz Udabe kazetariak, Asier Hernandez aktoreak eta Javier Muguruza musikariak eraman zuten.
Antolatzaileek esana zuten, atzoko mobilizazioa ez zela ez erraustegiaren ezta foru gobernuaren aurkakoa. Hondakinen kudeaketaren auziari irtenbide adostu bat ematearen aldekoa baizik. Gogoan izan, konponbiderako bide-orri bat landu eta gizarteratua duela GuraSOSek. Bide-orri hau babesteko mobilizazioa ere izan zen atzokoa. Bide-orri hori irudikatzeko, manifestazio buruan zirenek eraman dutenaz gain, pankarta koloretsu gehiago ere eskutan hartu zituzten, Artzai Onaren Katedral paretik irten, San Martin, Foruen Pasealekua eta "Republica Argentina" kaleetan barrena, Bulebarreraino.
Haietako bat, "Ez zatitu gizartea", CCOO, CNT, ELA, LAB, ESK, STEEILAS sindikatuetako ordezkariek eraman zuten. Hurrengoa, "Informazioa eta Gardentasuna" zioena, Osasuna eta Errausketa eta Ikerketa Taldeko (OEIT) medikuek. Hirugarrena, Hondakinen Plangintza berrikustea eskatzen zuena, "Legeak eskatzen duelako" aldarria biltzen zuena, ikastetxeetako ordezkariek. Etxekoak ere bertan genituen. Azkenak, GuraSOSeko herri ezberdinetako taldeen laguntzaz garraiatu dutena, “Europako bidetik. Parlamento Europa 2015” zioen.
MANIFESTUA
Honatx, Joxe Mari Izeta GuraSOSeko lehendakariak eta Estitxu Fernandez kazetariak mobilizazio amaieran irakurri zuten manifestua:
“Donostiako kaleak bete ditugu. Gaur hasten da atzerako kontua adostutako irtenbiderako. Milaka gipuzkoar bildu gara! Adostasuna lortuko dugu! Norbaitek zalantzak bazituen jakin dezan gurasoak, aiton-amonak, ahaideak, herritarrak garela eta lortu arte ez dugula etsiko. Gero eta gehiago gara “gatazkari ez, eta akordioari bai”, esaten diogunak. “ez zatiketari eta bai kohesioari”.
Boto-ontzi batean lau urteren bueltan sartzen den boto paper bat baino gehiago gara. Gure osasunari, gure seme-alaben etorkizunari, Gipuzkoako etorkizunari edo planeta urdinari eragiten dioten gaietan parte hartzeko eskubidea dugu.
Elkarren aurka jartzen dituzte herritarren partaidetza eta legitimotasun demokratikoa, gauza ezberdinak balira bezala. Ematen du deseroso bihurtu garela. Erakundeek herritarrak lehiakide gisa ikusten dituzte.
Oker zabiltzate. Ez gaude zuek ordezkatzeko, zuen lana osatzeko, aberasteko baizik. Argi dugu Batzar Nagusiek izango dutela azken hitza hondakinen politikan, baina hori, legea eta herritarren eskubideak errespetatuz egin beharko dute, ez nola hala. Legea errespetatzen ez bada, herritarren eskubideak errespetatzen ez badira, ez dago legitimotasun demokratikorik. Bakarrik borondate politikoa, gehiengoarena bai, baina ez legitimoa.
Legea argia da. Europar Batasunean du oinarria. Hondakinen gaineko politika berraztertzera behartzen du beranduenez sei urtean behin eta informazio eta eztabaida sozialez egindako parte-hartze bidez. Legeak nahiko balu, gehiengo politikoa nahikoa izatea horrela aginduko luke. Baina ez da horrela. Aurretik, herritarren parte-hartzea eskatzen du derrigorrez.
Gure galdera da, zergatik ez duzue egin? Zergatik gorde dute erakundeek kaxoi batean 2017-2030 hondakinen planaren berrikuspena, haren gaineko parte-hartze prozesua maiatzean iragarri bazuten? Zergatik erabaki dute eztabaida soziala lapurtzea?
Gure ordezkari izateak ez dizuete eskubiderik ematen gu alboratzeko. Ezin duzue hori egin. Legearen aurka joatea litzateke. Demokraziaren aurka joatea litzateke. Herritarren partaidetzari beldurra badiozue, mesfidantza jasoko duzue.
Gure zalantzak eta beldurrak ez dira kontsignekin uxatzen, ez eta lerrokatze politikoekin ere, baizik eta gardentasuna erakutsiz. Erraustegiaren aurka edo alde egon gaitezke, atez atekoaren aurka edo alde edota besterik gabe gai honetaz ideia argirik ez izan. Hori bai, denok argi dugu garrantzitsuagoa dela nola aukeratuko dugun zer aukeratzea baino.
Irtenbidea edozein delarik ere, gizartea zatitzeko balio badu, ez digu balio. Akordioaren bidez ez bada, ez digu balio. Fede edo konfiantza kontua bada...ez digu balio. Ziur izan azken hitza gizartearena izango dela. Ez da erraza izango. Hori ere esan beharra dago.
Gizarte gisa erronka bat dugu. Boterearen gaztelua inguratzen duen harresia, herritarrekiko mesfidantzaren harresia, harriz harri eta pazientziaz desegitea, harri horiekin beroiekin guztiontzako etxe bat eraikitzeko, leiho eta ate irekiak dituena.
Has gaitezen gaur bertan. Markel Olano jauna, goazen biltzera, bihar bertan, hitz egin dezagun, elkarrekin ekin diezaiogun elkarrrizketari eta adostasunaren bideari
Gure eskaerak sinpleak dira. Zubiak eraiki nahi ditugu eta lubakiak itxi. Demokrazia ordezkatzailea partaidetza zuzenarekin aberastu nahi dugu. Beranduegi dela ez dugu entzun nahi, ezinezkoa eskatzen ari garela ez dugu entzun nahi. Beste leku batzuetan lortzen ari dira (Nafarroa, Asturias, Valentzia...). Gipuzkoa elkarrekin gehiago izango da, askoz gehiago.
Hemen gaudenok, milaka herritar hauek, bagara nor. Aintzat hartuak izatea merezi dugu!
JOXEAN ARTZEren olerkiak dioen bezala “hegoak ebaki banizkio,... ez zen gehiago txoria izango. Josi dezagun gizarte batu eta gatazkarik gabea. Herritar oso izateko, parte hartzeko eskubidea behar dugu, hegalak behar ditugu. Hurrengo asteetarako erronka: gizartea ahaldundu. Hegoak indartu eta hegaldia marraztu. Ziur izan atzetik etorriko direla!!!!