Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, Inauteri Festan egingo du urteko lehen irteera

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 20a, 10:28

Iaz haize bolada gogorrek kalejira osorik egitea eragotzi zieten. Frontoian, babesean eskaini behar izan zuten erakustaldi eder askoa. Ia aurten halako oztoporik ez duten. Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak urteko lehen irteera egingo du larunbat honetan ospatuko dugun Inauteri Festaren baitan. Arratsaldeko 17:00ak inguruan abiatuko dira udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik. Honatx osatuko duten ibilbidea: Kale Nagusia, Zubiaurrenea kalea, Artzabal parkea (Atsedena), Puntapax kalea, Bordatxo taberna, Kontseju Zaharra kalea, Mikel Laboa plaza, Irazu kalea, Usurbilgo Frontoia. "Ordu eta erdiko ibilbidea burutu ostean, frontoian amaituko dugu ekintza, bals bat eginez. Gainera, xirolarru-dultzaina hirukotea estreinatuko dugu, beste musika mota bat sartzeko intentzioarekin. Zuek hor ikustea espero dugu!!!", luzatu dute gonbita sare sozialen bidez.

Inauteri Festan izango dugun ekitaldietako bat izango da. Badira hitzordu gehiago ere:

INAUTERIETAKO EGITARAUA

Otsailak 24, ostirala

10:30ak aldera, Udarregi Ikastolako LHkoen desfilea kalez kale, "Martxa" dantzatuz. Ibilbidea: LH 1., 2, 3. mailakoekin Kaxkoan barrena ibiliko dira eta LH 4, 5 eta 6. mailakoak Kalezarrera igoko dira.

11:15-12:25 Udarregi Ikastolako ikasleen ikuskizuna Oiardo Kiroldegian. Sarrera mugatua. Haurren familiei sarrera bakarra emango zaie. "HHkoen dantza ikuskizuna hasiko da, urteroko beraien jantzi bitxiarekin. Ondoren, LHko ikasleak sartuko dira pistara eta "Zaborra ere gurekin dantzan" gaiaren inguruan eskainiko digute saioa. Ikasleek sormena landuz parte hartu dute dantza, koreografia eta istorioa antolatzen. Zabor eta zabor ontziez gain izango ditugu bai, beste pertsonaia berezi batzuk... ezetz asmatu?". 

LHko saioaren ondoren, DBHkoek hartuko dute kiroldegiko pista, "Musikalak" gaia hartuta, sorpresaz beteriko koreografiak eskainiko dizkigute".

Sarrera: Udarregi Ikastolak, haurren familiei sarrera bakarra emango die.

15:00 Aginagako Eskola Txikikoen emanaldia Aginagako frontoian. "Euskal Mitologia" ardatz duten euskal dantzak eskainiko dizkiete gurasoei.

15:30 Inauterietako kalejira Zubietako Eskola Txikitik abiatuta, Eskolan lantzen ari diren Euskal Mitologiari loturiko mozorroekin (galtzagorriak, gizontxoak, lamiak, sorginak...). Alamandegin, Barazarren eta Zubietako plazan egingo dituzte geldiuneak. 

19:30-20:30 Orbeldi Dantza Taldekoen kalejira Oiardo Kiroldegitik. Amaiera ekitaldia, 20:30etan Mikel Laboa plazan.

Otsailak 25, larunbata

Gaia: “Ingurumena”.

12:00-12:30 Burrunbazale txaranga frontoian.

12:30 Kantu Taldekoen jira abiatzeko 3 kantu abestuko dituzte Burrunbazale txarangakoekin Mikel Laboa plazan.

Ondoren, kantu-jira kalez kale eta Burrunbazale txarangakoekin kalejira. Bakoitzak bere ibilbidea osatuko du.

16:00 Karaoke festa Gaztelekuan. Mozorrotuta etorri!

17:00 Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako erraldoi txiki, handi eta buruhandien kalejira dultzaineroekin. Ibilbidea: Joxe Martin Sagardia plaza, Kale Nagusia, Zubiaurrenea kalea, Artzabal parkea (Atsedena), Puntapax kalea, Bordatxo taberna, Kontseju Zaharra kalea, Mikel Laboa plaza, Irazu kalea, Usurbilgo Frontoia. Amaieran, balsa. xirolarru-dultzaina hirukotearen estreinako saioa.

19:00-21:00/23:00-01:30 Kankhar musika jartzailea frontoian.

Oharra: behin behineko egitaraua. Aldaketak egon daitezke.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.