Abenduaren 2an inauguratu zuten Urbil merkataritza-gune ondotik doan bidegorriaren zatia. Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari propio lagatako lur eremua izanik ere, aurkezpen ekitaldira ez zuten Usurbilgo Udala deitu. Lasarte-Oriako alkatea eta Foru Aldundiko ordezkaria baino ez ziren agertu inaugurazioko argazkian. “Prentsaren bidez jakin dugu inaugurazio horren berri”, kexu azaldu zen Xabier Arregik gidatzen duen gobernu taldea. “Errespetua eskatzen dugu. Ez da gizabidezkoa, ez politikoki ezta pertsonalki ere, Usurbilgo lurretan bidegorria estreinatu eta Udalari inolako jakinarazpenik ez luzatzea”.
Inaugurazioa “interes propagandistiko hutsezkoa izan da, alderdi interesei erantzuten diena eta ez herrien interesei. Ez zuten gu argazki horretan agertzea nahi”, kexu zen Usurbilgo Udala.
Bi hilabetera, lur-jausia
Inauguratu eta bi hilabetera, euriteek lur jausi bat eragin zuten Urbil ondoko bidegorri zatian. Luizia eman zenetik hiru bat aste pasa dira eta bere horretan jarraitzen du. Inaugurazioko argazkian ateratzeko izan zuten presa eta kemen berbera izango balute luizia konpontzeko.