Ostiraleko elkarretaratzea, Zubiaurreneako mural berriaren ondoan

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 22a, 04:23

Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak, ostiral honetarako, otsailaren 24rako deitua du euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea. Ohi bezala iluntzeko 20:00etan izango da, baina ez betiko moduan Mikel Laboa plazan, oraingoan Zubiaurreneako errotondan baizik. Biribilgune honen parean, euskal presoak euskal herriratzeko aldarria biltzen duen mural berria landu du Ugarri taldeak, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen enkarguz. "Muraleko ideia irudikatuz, taldeko argazkia egingo dugu eskuetan bihotz gorriak ditugula. Bide batez, Mari Karmen Anzari, Olatz Lasagabasterren amari, gure animuak helaraziko dizkiogu berriro", iragarri dute elkarretaratzeko deitzaileek, Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik.

Hitzordua

Eguna: otsailak 24, ostirala

Ordua: 20:00.

Tokia: Zubiaurrenea kaleko mural berria.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Sorterritik urrun direnekiko elkartasun eta maitasun mural berria

Gogoan izan, garai batean aldarrikapen bera zuen horma irudia ikus genezakeen Zubiaurrenea kaleko etxe azpi berean, baina gerora hondatzen joan zen. Oraingoa metaforikoagoa izango da. "Senideek presoekiko duten maitasuna islatu nahi izan dugu”, adierazi digute murala lantzen aritu diren Ugarri taldeko Antton Ugarte eta Ibai Etxarri donostiarrek. 

Horma irudi berri honen aurrean deitu du Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak, hilaren 24ko elkarretaratzea. "Desiratzen gaude horrelako mural erreibindikatiboak egiteko premiarik ez izateko! Baina bitartean, ez gaituzte isilduko eta presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatzen segiko dugu”, adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Mari Karmen Anzaren eskertza

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez, pixkanaka bada ere hoberantz doa, Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anzaren osasun egoera. "Mari Karmen pixkanaka hoberantz doa eta bere kabuz arnasteko gaitasuna berreskuratzen ari da", nabarmendu dute. Halere gogorarazten dutenez, hoberantz egin arren, Anzak "oraindik ZIUn jarraitzen du". Valentziako ospitalean, gugandik 600 kilometrora. Valentziako ospitaletik hain zuzen, Mari Karmenek bere esker ona helarazi nahi izan die usurbildarrei, "erakutsitako elkartasunagatik", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez.

Bitartean, Picassent espetxean aldaketarik ez. Gogoan izan, Xua ezagutzeko baimena eskatua izan arren, 21 egun beranduago eraman zutela Patxi Uranga Alacanteko espetxetik Valentziako Picassentera, alaba jaioberria ezagutzera. "Patxi momentuz ez dute lekualdatu eta Picassenten segitzen du", aditzera eman dute aipatu elkartetik.