Maiatzaren 7rako galdeketa definitzeko lan betean da Herritzartu. Aurreko ostiralera arteko epea zegoen, galderak proposatzeko. Jasotako ekarpenen artean dagoeneko, galdera adosteaz arduratzen ari den taldeak 3 galdera posible hautatu ditu "aho batez eta herritarren iritzia jasotzea da orain bere asmoa". Orain, herritarron txanda da berriz. Hiru galderotako bat hautatzeko aukera egongo da martxoaren 12ra arte.
Hautaketa honetan parte hartzeko bide ezberdinak zabalduko ditu Herritzartuk. Batetik, batzar informatiboa deitu du ostegun honetarako, otsailak 23, arratsaldeko 19:30etan Potxoenean. Bertan, hiru galderok aurkeztuko dituzte eta galderon inguruan iritzia emateko aukera izango du, kultur etxera bertaratzen denak. "Biziki poztuko ginateke batzar irekira azalduko bazina, emaitza aberatsagoa izango baita bide hau elkarrekin egiten badugu. Animatu eta parte hartu! Herritarron garaia da!", adierazi dute Herritzartutik. Batzarraz gain, parte hartzeko bide gehiago ere izango dira.
Parte hartzeko bideak:
Otsailaren 23an 19:30etan Potxoenean deitu duten batzar informatiboan
usurbilgureeskudago@gmail.com
634 445 512 (whatsapp mezua)
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU
Herritzartuk martxoaren 3, 4 eta 5ean jarriko duen mahaian
Galdera adosteko prozesua
-Martxoaren 12ra arte: herritarrek martxoaren 12ra arte, proposatu diren 3 galderetako bat hautatzeko aukera izango dute.
-Ondoren: Talde Sustatzaileak behin betiko galdera zehaztuko du.
-Martxoaren 19an: hautatutako galdera plazaratuko da jendaurreko ekitaldi bidez.
Lan taldeak
Maiatzaren 7an herri honetan ospatuko den galdeketa antolatzeko lan talde ezberdinak osatu dira. Herritar ororentzat irekiak dauden lan taldeak. Hurrengo hilabeteetako prozesua, auzolan erraldoia izatea nahi dute. "Etorri gure bileretara, ateak zabalik daude eta denontzako egongo da zer egina. Gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue", adierazi dute. Egunotan biltzen dira taldeok Potxoenean:
-Galdera adosteko taldea: asteartea, 19:00etan.
-Komunikazio taldea: asteartea 20:00etan.
-Ekintzak antolatzeko taldea: asteazkena 18:30ean.
-Finantziazioa: asteazkena 18:30ean.
Atxikimendu bilketa
Zabalik segitzen du, Herritzarturen manifestuari atxikimendua adierazteko kanpainak. Dagoeneko ehunka herritar eta hamarnaka eragileek bat egin dute manifestu honekin: