Elkarretaratzea 20:00etan, Zubiaurreneako mural berriaren ondoan

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 24a, 10:05

Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak, ostiral honetarako, otsailaren 24rako deitua du euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea. Ohi bezala iluntzeko 20:00etan izango da, baina ez betiko moduan Mikel Laboa plazan, oraingoan Zubiaurreneako errotondan baizik. Biribilgune honen parean, euskal presoak euskal herriratzeko aldarria biltzen duen mural berria landu du Ugarri taldeak, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen enkarguz. "Muraleko ideia irudikatuz, taldeko argazkia egingo dugu eskuetan bihotz gorriak ditugula. Bide batez, Mari Karmen Anzari, Olatz Lasagabasterren amari, gure animuak helaraziko dizkiogu berriro", iragarri dute elkarretaratzeko deitzaileek, Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik.

Mari Karmen Anza, ZIUtik atera dute

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez, pixkanaka bada ere hoberantz doa, Olatz Lasagabaster presoaren amaren, Mari Karmen Anzaren osasun egoera. Egunotan bere kabuz arnasa hartzeko gaitasuna berreskuratzen ari zela berri emana zuten aipatu bilgunetik. Ostegun arratsaldean jakinarazi zutenez, Anza ZIUtik atera dute eta Valentziako ospital bertako gela batera lekuz aldatu dute.

Gugandik 600 kilometrora segitzen du Anzak, urtarrilaren 19az geroztik Valentzian ospitaleratua, Xua biloba jaioberria (Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen haurra) ezagutzera joan eta gaizki sentitu ostean. Valentziako ospitaletik hain zuzen, egunotan Mari Karmenek bere esker ona helarazi nahi izan die usurbildarrei, "erakutsitako elkartasunagatik", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez.

Bitartean, Picassent espetxean aldaketarik ez. Gogoan izan, Xua ezagutzeko baimena eskatua izan arren, 21 egun beranduago eraman zutela Patxi Uranga Alacanteko espetxetik Valentziako Picassentera, alaba jaioberria ezagutzera. "Patxi momentuz ez dute lekualdatu eta Picassenten segitzen du", aditzera eman dute Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik.

Sorterritik urrun daudenekiko elkartasunak, txoko berria Usurbilen

Errekatxiki eta Zubiaurrenea kaleek bat egiten duten puntuan, errotonda parean dagoen etxe azpiko horma nola itxuraldatzen doan ikusteko moduan izan gara asteotan. Azken aldian horma zuritua zegoen, baina lehenago, oroituko duzue, euskal presoen euskal herriratzea eskatzeko aldarria biltzen zuen horma irudi bat zegoen. Denborarekin hondatzen joan zen.

Aldarri bera islatzen du berriz, Errekatxikiko etxe azpiak. Horretarako aritu dira lanean azken aldian, Ibai Etxarri eta Antton Ugarte. Muralak landu eta diseinu grafikoaren eremuan aritzen den Ugarri taldea sortu zuten bi lagun donostiarrok. Momentuz ez dira bizi lanotaz, baina “ia proiektuak ateratzen doazen pixkanaka”, adierazi diote aldizkari honi.

Udalerri honetan dabiltza asteotan, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen eskariz. “Lehen zegoen murala zaharkitua eta hondatu samar zegoen. Berritzeko asmoarekin kontaktatu ziguten Usurbildik”, adierazi dio NOAUA!ri Anttonek.

Gertuko errealitatea

Senide bat sorterritik urrun izatea, gertutik bizi duten errealitatea da honakoa, Etxarrik adierazi duenez. “Lehengusu bat preso dut. Kartzelan bere komikiak sortu ditu. Keinua egin nahi izan diogu bere sortze lanei, bere komikien ilustrazio berdinak dira hauexek”, adierazi digu Etxarrik.

Txanponak botatzeko makina bat marraztu dutela ikusiko duzue. Bertatik, noiz edo noiz panpinen bat ateratzen duen makina bat da. Espetxe barruan preso segitzen dutenak, noizbehinka aske geratzen direnak, edota kanpoan zain dituzten senide eta lagunak ongi baino islatu nahi izan dituzte panpin makinaren metafora baliatuz. “Gertutasun hori. Familian presoekiko duten maitasun hori guztia islatu nahi izan dugu”, adierazi digu Etxarrik. Baina beste ikuspuntu bat eman nahi diote, “ez hain zuzena, metaforikoagoa”.

Irudiok estilo propioz ari dira lantzen. “Askok espraia erabiltzen dute. Guri lerro finkoagoa, definituagoa izatea gustatzen zaigu”, adierazi dute. 

Ugarri sarean:

Facebook: Ugarri

ugarriart@gmail.com

instagram.com/ugarriart

Aspaldiko asmoa

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak sustatu du ekimen hau. “Aspaldiko asmoa da aurrekoa oso izorratua baitzegoen. Hura Karlos Zabala eta Amaia Kasasolak egin zuten haurrekin auzolanean”, oroitarazi dute. Eraikineko bizilagunen adostasunarekin berritu dute horma irudia. “Halere, desiratzen gaude horrelako mural erreibindikatiboak egiteko premiarik ez izateko! Baina bitartean, ez gaituzte isilduko eta presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatzen segiko dugu”, adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.