Kantu-jirak girotuko du txarangarekin batera, Inauteri Festako eguerdi partea

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 25a, 04:14

Mozorro jaia eta Kantu Taldeak hilero egin ohi duen kalejira egun berean egokituko dira oraingoan, larunbat honetan hain zuzen. Inauteri Festako ospakizunak tarteko, eguerdi partean egingo du Kantu Taldeak bere jira Kaxkoan barrena. Aipatu moduan otsailaren 25ean, eguerdiko 12:30etan hasiko dute saioa Mikel Laboa plazan. Ekitaldia abiatzeko, Inauteri Festa girotuko diguten Burrunbazale txarangakoak izango dituzte bidelagun. Zenbait abesti batera eskainiko dituzte. Gero, txarangak alde batetik eta Kantu Taldeak bestetik, bakoitzak bere ibilbidea osatuko du herri erdigunean zehar:

Kantu Taldearen hitzorduak

Otsailak 25, larunbata

12:00-12:30 Burrunbazale txaranga frontoian.

12:30 Kantu Taldekoen jira abiatzeko 3 kantu abestuko dituzte Burrunbazale txarangakoekin Mikel Laboa plazan.

Ondoren, kantu-jira kalez kale eta Burrunbazale txarangakoekin kalejira. Bakoitzak bere ibilbidea osatuko du.

Entsegua asteartero

18:30-19:30 Kantu Taldearen entsegua Udarregi Ikastolako kantu gelan.

Oharra: kantu-liburuxkak salgai 5 eurotan, NOAUA!n, Lizardi eta Laurok liburu dendatan.