Alberto Pikabea aginagarrak, Dj Kankharrek girotuko digu musikaz, Inauteri Festako gau partea frontoian. Ez da berria kontuotan. Musika jartzen aritu izan da lehendik ere zenbait jaietan, nahiz musika zaletu gisa definitzen duen bere burua. Etxean, Aginagako San Praixkuetan hasi zen zaletasuna aurrean zuen publikoarekin partekatzen. Ez zen izan ordea ageriko emanaldia, parranda zaletuak dj-a non zebilen ere galdezka aritu omen ziren. “San Praixkuetan Eliza Zaharreko txosnan neroni arduratzen nintzen musika jartzeaz. Urte batean lehengusuak komentatu zidan, musika jartzen ibiltzen nintzenezn, egitarauan dj-a egongo zela iragarriko zutela. Dj-en booma bizi izan zen garaia zen. Jaietan edaria zerbitzatzen nebilen beti bezala, eta bitartean “play”ari ematen nion. Jendea, Dja noiz hasiko zen galdezka”, oroitzen du Pikabeak.
Gerora Atxegaldeko jaietan, txosnetan edota Usurbilgo Gaztetxeak antolaturiko kontzertu gau baten amaieran aritu da musika aukeratu eta jartzen. “Beti esan izan dut dj hitza handiegia geratzen zaidala”, azpimarratzen du. Bere burua musika zaletutzat du. Jendearen musika zaletasunetan erreparatzea gustatzen zaio eta “jendea musikarekin identifikatzea”.
Klasikoen zale
Musika entzule fina dugu aginagarra. Ez du bolo-bolo dabilen kantu hori entzun nahi izaten. Nahiago du abesti sortu berriari bere ibilbidea egiten uztea, “klasikoan” bihurtzean ezagutzea. Eta hortxe eman digu, datorren Inauteri Festan eskainiko duen emanaldiaren inguruko lehen pista. Otsailaren 25ean frontoian musikaz girotuko digu mozorro jaia. “Neure 150 cd emango ditut, zaku handi batean, altzaritxo batean”, aurreratu du.
Denetarik omen du bere musika errepertorioan. “Hasi 60. hamarkadako soul musika amerikarretik, euskal rock erradikala deiturikoa, garai bateko triki taldeak (Maixa ta ixiar..). Adinean aurrera joan ahala, musika erosterakoan nostalgiak asko eragin dit. Bakarlari asko entzuten ditu egun, folk countrya…”, adierazi dio aginagarrak NOAUA!ri.
Euskal musika nagusi
Etxean duen musika bilduma horretatik hautatutako musika eskainiko digu hilaren 25ean, 19:00etatik aurrera frontoian. Bitan zatituko du saioa. Afalaurretik eskainiko du lehen emanaldia; bigarrena, 23:00etatik aurrera. Ez luke topikoetan jausi nahi. “Berbena, arin-arina, eta fandangoa jarri beharko dut ia jendea jendea animatzen den dantzara. Afalostean pentsatu nahi dut patxangeoko gogoz egongo dela jendea”, dio. Musika menu horretan euskal musikak berebiziko tartea izango du, gaualdean ordea, inauteri festa giro betean gaudela jakinik, Boney M edota Bee Gees mitikoek ere dantzan jarriko gaituzte.
Erronka nagusia, Usurbilen hainbat ekitaldirekin gertatu ohi den bezala, oholtzan den artistaren eta aurrean duen publikoaren arteko betiko distantzia ahal bezain beste laburtzea litzateke, eta “ia jendearekin asmatzen dudan”. Gerturatu beraz frontoian aurreraino eta gozatu Albertok edo Dj Kankharrek girotuko digun Inauteri Festako gauaz. “Usurbil ez nuen herri inauterizaletzat jotzen baina antza bada. Ia festa giroa pizten gure hondar aletxoa jartzen dugun”, adierazi du.
Otsailak 25, larunbata
19:00-21:00/23:00-01:30 Kankhar musika jartzailea frontoian.