Iaz bezala, Inauteri Festa eguna, bezperatik hasi nahi izan dute oraingoan ere Orbeldi Dantza Taldekoek. Ostiral iluntzean herri erdigunean zehar eginiko kalejirarekin. Hainbat geldialdi egin eta ekitaldi nagusia Mikel Laboa plazan eskaini zuten. Festa giro beteko saio ederra eskaini zuten. Primeran pasa zuten dantzariek eta ikusleak ere gozarazi zituzten. "Orbeldi Dantza Taldeko kide batzuk inauteriei ongi etorria emateko dantza saio txiki bat eskaintzeko bildu gara. Adunako azeri dantza egingo dugu. Irri edo jolas dantza bat da. Bai dantzariek eta ikusleek ondo pasatzeko dantza bat. Buruzagiak gerriko bat du. Bere lana atzean dituen dantzariak dantza ondo egin dezatela ziurtatzea izango da. Eta ondo egiten ez badute, zigorra jasotzeko aukera izango dute. Gustatuko zaizuelakoan ondo pasa inauterietan!", adierazi zuten dantza taldetik Mikel Laboa plazara gerturaturikoei, kalejira amaierako ekitaldi hasieran.
Dantza erakustaldi bikaina eskaini zuten. Ondoko bideo eta irudiotan bildu dugu.