Euskal mitologia eta hondakinen kudeaketa, ikastetxeetako inauteri festen ardatz nagusiak

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 27a, 12:39

Inauteri giroa ikastetxeen eskutik heldu zen aurreko ostiralean. Aginagako eta Zubietako Eskola Txikiak eta Udarregi Ikastola izan ziren mozorro festan murgiltzen lehenak. Irudiotan bildu genituen hezkuntza zentroen inauterietako emanaldiak.

Aginagako Eskola Txikia

Lehenbizi taldeko argazkia atera, eta gero dantzara! Eskolatik frontoira jaitsi eta bertaratu ziren senide eta lagunen aurrean, Inauterietako emanaldi ederra eskaini zuten ostiral bazkalostean, Aginagako Eskola Txikiko ikasle eta hezitzaileek. Euskal Mitologiaz mozorrotu ziren eta gai honetan oinarrituriko euskal dantzekin festa koloretsua ospatu zuten. Emanaldia irudiotan bildu dugu:

Aginagako Eskola Txikikoen Inauteri Festa

Zubietako Eskola Txikia

Guraso, hezitzaile eta ikasleak dantza batean jarri zituen Inauteri Festa ospatu zuen Zubietako Eskola Txikiak ostiral bazkalostean. Euskal Mitologia lantzen ari dira ikasgelan. Inauteriak zirela baliatuta, gai hau baliatu zuten mozorrotzeko. Euskal mitologiako pertsonaia ezberdinak irudikatu zituzten ikasle eta hezitzaileek. Euskal dantzen kalejirak, eskola, Alamandegi, Barazar ingurua eta frontoi ondoko plaza lotu zituen. Irudiotan bildu dugu Zubietako Eskola Txikikoek ospatu zuten mozorro festa:

Zubietako Eskola Txikikoen Inauteri Festa

Udarregi Ikastola

Ingurumenarekiko zaintza eta hondakinen kudeaketa, presente asko ditugu egunerokoan herrian. Udarregi Ikastolak Inauteriotako ikuskizunean plazaratu nahi izan ditu, herritarren artean kezka eta ardura sortzen ari diren gaiok. Ostiral goizean Oiardo Kiroldegian, HH, LH eta DBHko ikasleek eskainitako ikuskizun bikainean izan zen. HH-koek haien zaku koloretsuez jantzita, naturaltasuna zerion dantza saioa eskaini ziguten. Aipatu moduan, "Zaborrarekin dantzan" izenburutzat zuen emanaldia Lehen Hezkuntzako ikasleek. Eta DBHkoek musikal ezagunei keinu egin zieten. Irudiotan bildu dugu ikastolakoen emanaldia:

Udarregi Ikastolakoen Inauteri Festa