Usurbilgo alkate eta zinegotzi hainbaten agerraldia igandean, maiatzaren 7ko galdeketa babesteko

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 28a, 12:20

1979. urteaz geroztik zinegotzi eta alkate izan diren usurbildarren hainbat udal ordezkariek babesa adieraziko diote, Herritzartu Elkartea maiatzaren 7rako antolatzen ari den galdeketari. Martxoaren 5ean, eguerdiko 12:00etan udaletxe aurreko plazan deitu duten ekitaldian izango da. Herritzartutik gogorarazi dutenez, 1979. urtetik "hona ia legegintzaldi guztietan plazaratu izan du Usurbilgo Udalbatzak gehiengo osoz, erabakitzeko eskubidearen aldeko iritzia. Gure ustez, oso garrantzitsua da urte hauetan guztietan herrian ardura instituzionala izan duten hautetsiak batzea, alderdi guztietakoak, manifestuari beren atxikimendua emateko eta Maiatzak 7ko galdeketari, denen arteko argazki baten bidez, bultzada emateko. Ziur gaude ekimen honek eta argazki horrek herritarrak izugarri poztuko dituela. Gure arteko ezberdintasun politikoak alboratu eta batzen gaituen erabakitze eskubidearen alde elkarrekin jarduteak eskubide honek behar duen ezinbesteko bultzada dela ulertzen baitugu".

Galdera adosteko iritzi bilketa

Maiatzaren 7rako galdeketa definitzeko lan betean da Herritzartu. Galderak proposatzeko aukera egon zen otsailaren 17ra arte. Jasotako ekarpenen artean dagoeneko, galdera adosteaz arduratzen ari den taldeak 3 galdera posible hautatu ditu "aho batez eta herritarren iritzia jasotzea da orain bere asmoa". Orain, herritarron txanda da berriz. Hiru galderotako bat hautatzeko aukera izango dugu martxoaren 12ra arte:

Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?

Ados al zaude euskal estatu independentea sortu, garatu eta babestearekin?

Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?

Galdera adosteko prozesua

-Martxoaren 12ra arte: herritarrek martxoaren 12ra arte, proposatu diren 3 galderetako bat hautatzeko aukera izango dute.

-Ondoren: Talde Sustatzaileak behin betiko galdera zehaztuko du.

-Martxoaren 19an: hautatutako galdera plazaratuko da jendaurreko ekitaldi bidez.

Datozen deialdiak

Martxoak 5, igandea

12:00 1979tik gaur arte Usurbilek izan dituen alkate eta zinegotzi hainbaten atxikimendu ekitaldia eta argazkia, udaletxe aurreko plazan.

Martxoaren 12ra arte

Galdeketarako galderen gaineko iritzia emateko aukera bideotatik:

usurbilgureeskudago@gmail.com

634 445 512 (whatsapp mezua)

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

Etxez etxe banatuko diren esku-orrietan galdera egokiena aukeratu eta eskuorria, Herritzartuk martxoaren 3, 4 eta 5ean jarriko duen mahaiko kutxan sartuz

Martxoak 19, igandea

11:00-15:00 Galdeketa babesteko Hurbilago Elkarteak eta Herritzartuk elkarlanean antolaturiko tonbola, Munalurrako Txapeldun taberna aurreko plazan ospatuko den 4. Bizi Kalearen baitan. Sariak egun horretan banatuko diren arren, errifak aldez aurretik erosi ahalko dira euro batean, Bizi Kalea antolatzen duten tabernetan.

Lan taldeak

Maiatzaren 7an herri honetan ospatuko den galdeketa antolatzeko lan talde ezberdinak osatu dira. Herritar ororentzat irekiak dauden lan taldeak. Hurrengo hilabeteetako prozesua, auzolan erraldoia izatea nahi dute. "Etorri gure bileretara, ateak zabalik daude eta denontzako egongo da zer egina. Gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue", adierazi dute. Egunotan biltzen dira taldeok Potxoenean:

-Galdera adosteko taldea: asteartea, 19:00etan.

-Komunikazio taldea: asteartea 20:00etan.

-Ekintzak antolatzeko taldea: asteazkena 18:30ean.

-Finantziazioa: asteazkena 18:30ean.

Atxikimendu bilketa

Zabalik segitzen du, Herritzarturen manifestuari atxikimendua adierazteko kanpainak. Dagoeneko ehunka herritar eta hamarnaka eragileek bat egin dute manifestu honekin:

Herritzarturen manifestua

Deitzailea: Herritzartu.