Zubiaurreneako muralaren inaugurazioa, elkartasun agerraldi jendetsua

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 28a, 11:17

Sorterritik urrun daudenekiko elkartasun eta maitasun txoko berria du Usurbilek, Zubiaurrenea kaleko mural berrian. Otsailaren 24an Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko elkarretaratzean inauguratu zuten, desio argi bat adieraziz: “halako muralak, horrelako kontzentrazioak, aspaldi egiten ditugun ekimen eta aldarrikapenak egin behar ez izatea. Horrek esan nahiko luke preso eta iheslari guztiak gure artean, etxean izango genituela. Ahalegin horretan jarraituko dugu tinko, denok batera lortu arte”.

118 lagun bildu zituen mobilizazioan egon ezin izan zuten bi lagun ere gogoan hartu zituzten; Olatz Lasagabasterren ama eta izeba, Mari Karmen eta Arantza Anza ahizpak. Gogoan izan, Mari Karmen, Olatz eta Xua biloba ezagutzera joan zela aurreko hilean Valentziara, eta gaizki sentitu ostean, 33 egun pasa dituela bertako ospitaleko ZIUn. Plantan da jada. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman zutenez, Mari Karmenekin hitz egiteko aukera izan dute egunotan. “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa. Denbora honetan guztian ezin nuen adierazi, baina hala sentitzen nuen. Eskerrik asko benetan denoi!”, hortxe Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, azken elkarretaratzean usurbildarrei helarazi zizkieten Mari Karmenen hitzak. Bere ahizpa Arantzak ere mezu bera helarazi nahi izan du: “Esan usurbildarrei eskerrik asko, bihotz-bihotzez”. Bihotzak eskutan, elkartasun eta animu mezua helarazi zioten usurbildarrek Mari Karmen Anzari.

Izarri eta Sarari babesa adierazteko manifestazioa ostegunean Donostian

Larri gaixorik dauden presoen egoera (Oier Gomez eta Aitzol Gogorzarena), eta dispertsioaren ondorioz azken aldian senideek izandako istripuak salatu zituzten. Eta kezka azaldu zuten, Olatz Lasagabasterren espetxe berean dagoen Sara Majarenas eta Izar haurtxoa bereizi ditzaketelako berriz. Ostegun honetan bertan, martxoaren 2an Izarrek espetxea utzi beharko du. Egun horretarako manifestazioa deitu du Izarrekin Plataformak, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Bulebarrean. "Etorri zure alabekin, trikitixekin, batukadak, txarangak... Izarri zorionak zuri abesteko!", luzatu dute gonbita.

Harpidetza afaria

Hileroko azken ostiraleko mobilizazioaz gain, bada aurrera begira, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak finkatua duen beste hitzordu bat. Presoei prentsa helarazteko urteroko harpidetza afaria antolatu dute apirilaren 1erako.