Gazteen arazoei gazteek irtenbidea emateko, dituzten kezka eta hutsuneei aurre egiteko alternatibak sortzen hasiak dira Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteak. Otsailaren 17an egin zuten lehen batzarra Potxoenean. Abendua hasieran Barañainen egin ziren Gazteraiki Topaketetan parte hartu zuten herritarrek bideratu zuten saioa, "Euskal Herri mailan lanean dabilen gazte mugimenduaren ikuspegi hori lehenengo pertsonan kontatzeko herriko gazteei".
Bi lan talde osatu zituzten gero; batean jai ereduen inguruan jardun zuten. Jaietako hutsuneei buruz eta "jai batzordeen arteko elkarlen bat bultzatzea interesgarritzat jo genuen". Intereseko lanketa eremu ezberdinak identifikatzen aritu zen bigarren lan taldea, "bi izan zirelarik gehien azpimarratu zirenak; euskararen egoera eta kirol eredua". Gai guztion lanketarekin jarraitzeko bi hitzordu finkatu dituzte estreinatzear dugun martxoaren 3 eta 10erako, datozen bi ostiral hauetarako alegia. "Zuri ere, kezka hauek eta besteren batzuk aztoratzen bazaituzte, ez lotsatu, gerturatu, alternatiba elkarlanetik abiatuko dugu!", adierazi dute aste honetarako NOAUA! aldizkarirako gazteek bidali duten idatzian:
Hurrengo bileren hitzorduak
Martxoak 3, ostirala
17:30 Gazteen batzarra Potxoenean: jai ereduen hausnarketa.
Zehaztasunak: proiektu alternatiboak eraikitzeko lanketari ekiteko lehen batzarra egin zuten otsailaren 17an Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteek. Bigarren saio honetan, "jai ereduen inguruan hausnartzen jarraituko dugu. Identifikatutako arazo horiei buelta emateko hainbat tresna sortu eta martxan jarri nahiko genituzke, elkarlanean. Horregatik, jai batzorde guztiei luzatzen diegu deialdia, eta interesa duen edonor ere gonbidatua dago!".
Martxoak 10, ostirala
17:30 Gazteen batzarra Potxoenean.
Zehaztasunak: "Beste intereseko eremuak lantzen jarraituko dugu, eta batez ere, helburutzat ildoak jorratzeko ekimen eta ideia zehatzak proposatzea daukagu".
Deitzaileak eta argazkiaren egileak: Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteak.