Abuztock jaialdiko bi artista ezagunen bisita

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 1a, 07:00

Ezusteko bisita izan genuen bart Usurbilen. Bisitariok ezaguna zuten udalerri hau, eta baita hainbat usurbildar ere. Etorri bezain laster, Mikel Laboa plazan lekutxo bat egin eta musika emanaldi inprobisatu bezain ederra eskaini zuten. Iruditan dituzue. Steffan Rundquist eta Esther Schoenmakers dituzue. Izenez agian ez zaizkizue ezaguna izango, baina zuetako batek baino gehiagok entzunak izango dituzue lehendik ere. 

Esaterako, GuraSOSek iaz, irailaren 4an Donostiako Cristinaenea parkean antolatu zuen Abuztock errebolta baketsuan parte hartu zuten sortzaileen artean zeuden. Steffan eta Esther izan ziren hain zuzen, bertaratu zirenekin batera "Txoriak txori" abestuz jaialdiari amaiera eman ziotenak. Atzo ere euskaraz abesten entzun genituen. Bob Dylanen "Blowing in the wind" ezagunarekin batera, "Lau teilatu" kantatu zuten Txirristra taberna parean eskaini zuten emanaldi inprobisatuan. Nabarmendu beharra dago euskaraz abestu zutela, Steffan Rundquist Suedian jaioa baita, Esther Schoenmakers Holandan.

Steffan Rundquistek, 90. hamarkadan Undrop taldea sortu zuen. 1998an goia jo zuten, "The Crossing" diskoko  "Train" abesti ezagunarekin. Iazko udan, Abuztock jaialdiaren atarian, kalean musika joz lan egiten zuten Bilboko Alde Zaharrean. Steffanek kitarra jotzen eta Esther abesten. Atzo Usurbilen izan genituen bisitan. Lehendik ere ezaguna zuten udalerri hau, duela 15 bat urte udalerri honetan ostatu hartuta izan ziren Usurbilen. Inguruotatik egiten ari diren zeharkaldian, berriz ere hemen geldialdia egitea erabaki zuten.