Genero mainstreaming estrategia sustatuko du Udalak

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 1a, 06:21

Genero mainstreaming estrategia babestu eta sustatzeko konpromisoa hartu zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak aho batez, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Udaletik estrategia honen inguruko argibideak eman dituzte: "Politikaren izaera osoaren berrantolaketa da, eta honek integrala, estrukturala eta horizontala izan behar du. Sail, maila eta fase guztietan eragin beharko du, eta ezinbestekoa izango da politikan inplikatutako eragileen parte-hartzea, baita baliabide espezifikoak bere zerbitzura jartzea ere". 

Estrategia hau 1995ean, Beijingeko Emakumeen Mundu Mailako IV. Konferentzian sortu zuten. Onarpen zabala du, eta orain Usurbila dator. "Berdintasunarekiko gure konpromisoa irmoa eta alboraezina dela nabarmendu nahi dugu, eta adierazpen instituzionalaz haratago, estrategia hau martxan jarriko dugu, udal kudeaketa hobetu eta usurbildar guztion bizi kalitatea hobetzeko. Konpromiso hau etikoa izateaz gain, politikoa eta teknikoa ere bada, onarpen zabala duena, eta gobernu aldaketen aurrean egonkor mantendu nahi dena. Estrategiaren garapen eraginkorra izateko ezinbestekoa izango da lotesleak izango diren arauen sorrera, emakume eta gizonen berdintasunerako printzipioa plangintzetan txertatzea, eta egituren sorrera, estrategiaren iraunkortasun eta horizontaltasuna bermatzeko", adierazi du Usurbilgo Udalak.

Estrategia berri hau garatzeko bi batzorde eratuko dituzte: politikoa eta teknikoa.

Estrategia garatzeko egitura

Batzorde politikoa: 

-Parte hartzaileak: udaleko batzorde buruak.

-Helburuak: Emakume eta Gizonen aukera berdintasunerako udal politiken adostasuna eta konpromiso politiko eta instituzionala.

-Funtzioak: berdintasun politiken ildo estrategikoak definitu; estrategia eta hau garatzeko baliabide eta baldintzak sortu; sail ezberdinekin programazioa onartu eta emaitzen jarraipena egin; emandako urrats eta zailtasunak aztertu.

Batzorde teknikoa:

-Parte hartzaileak: udal teknikariak.

-Helburuak: berdintasun politikoaren garapena bultzatu eta sustatzea; Udalean mainstreaming estrategiaren ezarpena bultzatzea.

-Funtzioak: urteko plangintza diseinatu, proposatu eta ebaluatu; udal esku-hartzeak berdintasun printzipioari egokitzeko ekarpen teknikoak egin; sail bakoitzeko jardueren jarraipena programatu eta gauzatu; udal sail bakoitzaren jardueren eboluzioari buruzko informazioa bildu eta eskaini.

2. Berdintasunerako Plana onartzeko bidean

2008: 1. Berdintasun Planaren diagnosia eta horren gaineko plana diseinatu zen.

2010: Usurbilgo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 1. Plana (2010-2014) onartu zen. Ordutik eremu honetarako teknikari propioa izan du Udalak. Hainbat egitasmo bideratu dituzte.

2016: azken hilabeteetan II. Plana osatu da. 

2017/02/28: genero mainstreaming estrategia sustatzea onartu zuen udalbatzak aho batez.

2017: hilabeteotan Emakundek eginiko ekarpenen ostean, II. Plana onartuko du Udalak.