Apirilaren 26an 80 urte beteko dira, Condor Legioak Francoren agindupean Gernika bonbardatu zuenetik. Handik gutxira sortuko zuen Pablo Picasso margolariak udalerri honen izena daraman koadro ezaguna. Mundu mailan ezagun askoa egin den sortze lan honek ere beraz, 8 hamarkada beteko ditu hilabete gutxi barru. 1992az geroztik Madrilgo Reina Sofia museoan dagoen artelan hau Gernikara ekartzea eskatu zuen aho batez Usurbilgo Udaleko udalbatzak, atzo egin zuten osoko ohiko bilkuran. "Urteurren hau, Gernika zein euskal herritarren beste eskaera eta garrasi bat zabaltzeko ere une egokia ikusten dugu: "Guernica" margolana Gernikan kokatu dadila behin betikoz", Euskal Herritik behin baino gehiagotan eskatu izan den moduan.
EHBilduk gai honen inguruan aurkeztu zuen mozioak udal ordezkari guztien babesa jaso zuen, egokitzapenak egin ostean. PSE-ko ordezkari Fermin Oruek mozio alternatiboa aurkeztu zuen, udalbatzak onar zezan. Testu honek nabarmentzen duenez, Picassoren "Guernica" Gernikara ekartzeko ez da aski, EHBilduren mozioan eskatzen den borondate politikoa. Baita teknikarien onespena ere. Orueren esanetan, "koadroa ez dago mugitzeko baldintzetan". Honenbestez, borondate politikoaz gain, koadroa Gernikara ekarri behar bada, "teknikarien babesarekin" izan dadila eskatzen zuen.
Udal gobernu taldetik eskaera honekin bat egin zuten. "Hori ere baldintza bat iruditzen zaigu, leku aldaketarekin ezin liteke kaltetuta gertatu", zioen alkateak Picassoren artelanaz. Hala, jarraian duzuen mozioko bigarren puntuari honako esaldia eranstea adostu zuten: "Lekualdatze hau artelana kaltetu gabe egin behar da, izaera unibertsala duen pieza behar bezala zainduz".
"Kokapenik egokiena, Gernika"
Azkenean lau puntuak modu honetan geratu dira:
1-Udal honek, Gernikako herriaren aurka 1937an egindako sarraskian oinarritutako Picassoren "Guernica" margolanaren kokapenik egokiena, Gernika dela adierazten du. Gertaera historikoa, artelana eta herria bera uztartzea funtsezkoa dela adierazten du Udal honek. Ondorioz, "Guernica" Gernikara ekartzeko eskaera formala luzatzen dio Espainiako Gobernuari eta Kultura Ministeritzari.
2-Udal honek, Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio, Picassoren Guernica margolana Gernikan kokatu ahal izateko beharrezkoak diren urrats instituzionalak eman ditzan. Baita margolan hori Gernikan kokatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta egokitzapen lanetan laguntzeko ere. Lekualdatze hau artelana kaltetu gabe egin behar da, izaera unibertsala duen pieza behar bezala zainduz.
3-Udal honek bere egiten du Picassok margolanarekin mundu guztira zabaldu nahi izan zuen salaketa, alegia, herrien zein giza eskubideen aurkako zapalketa, gerra eta genozidioaren salaketarik ozenenarekin.
4-Udal honek, erabaki honen berri emango die, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernua eta Kultura Ministeritzari.
Hemen duzue EHBilduk aurkeztu eta Usurbilgo Udalak aho batez onarturiko jatorrizko mozioa, egokitzapenak egin aurreko bertsioa: