EAJ-ko zerrendaburu Josune Urkolak, arduraldi partziala izango du Udalean

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 1a, 11:52

Usurbilgo EAJ-ko zerrendaburu eta udal talde bereko bozeramaile Josune Urkolak arduraldi partziala izango du aurrerantzean, Usurbilgo Udalean. Egun erdiko ardura, %50ekoa hain zuzen. Hala erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz, astearteko osoko ohiko bilkuran. Udal gobernu taldetik argitu zutenez, legez, "oposizioko alderdi nagusiari badagokio ardura hori". Bestalde, legegintzaldi hasieratik EAJ-k egin izan duen eskaera da honakoa. EHBilduk eta EAJ-k erabaki honen alde bozkatu zuten atzoko osoko bilkuran. PSE-ko ordezkaria abstenitu zen. "6.200 biztanleko udalerri batean, 13 zinegotzirekin 3 liberatu egotea asko da, 3,5 gehiegi", zioen Fermin Oruek.

Honenbestez, orain arte bezala, aurrerantzean, %100eko arduraldia izaten segiko dute EHBilduko eta udal gobernu taldeko kide Xabier Arregi alkateak eta bi alkate ordeek, Alaitz Aizpuruak eta Jone Urdanpilletak. EAJ-ko kide Josune Urkolak %50ekoa.

Egokitzapena 2017ko udal aurrekontuan

Aldaketa honi lotuta, 2017ko udal aurrekontuko 9. artikulua egokitzea onartu zuen baita udalbatzak gehiengo osoz atzoko osoko bilkuran, EHBildu eta EAJko udal ordezkarien aldeko bozkekin. PSE abstenitu zen. Zehazkiago esanda, 9.2. artikuluaren liberazioen gaineko informazioa eranstea onartu zuten.

Aldaketa, 2017ko Lanpostuen Zerrendan

Beste aldaketa bat. Gogoan izan, 2017ko udal aurrekontuekin batera hasieraz onartu zen baita Usurbilgo Udalaren Lanpostuen zerrenda eta Plantilla Organikoa ere, joan den abenduaren 20ko osoko bilkuran. Gero horretarako zabaldu zen epearen baitan ez zen erreklamaziorik aurkeztu eta behin betiko onartu zen otsailaren 3an. Asteartean eginiko osoko ohiko bilkuran, Lanpostuen zerrenda eta Plantilla Organiko honetan aldaketa bat txertatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak. "2017ko lanpostuen zerrendan lorazain ofiziala lanpostuari baldintza berezietan B gidabaimena dagokiola adieraztea" hain zuzen. Erabaki honen alde bozkatu zuten EHBilduk eta PSE-k. EAJ abstenitu zen.