Igogailuak jartzeko udal diru-laguntzek, orain arteko ordenantza ordezkatuko dute

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 1a, 11:03

Otsailaren 13an Usurbilgo Udalak argitara eman zuen 2017ko udal diru-laguntzen deialdi berria. Udalak guztira 168.000 euro bideratuko ditu kultura, kirola, gizartegintza, nekazaritza eta abeltzaintza eta ingurumeneko proiektuak laguntzera. Oraingoan, estreinakoz, baita igogailuen instalakuntzak laguntzera ere. Horretarako, Udalak guztira 10.000 euroko diru-partida erreserbatu du. Diru-laguntza lerro berri honek, 2002. urteaz geroztik igogailuak jartzen zituztenei banakako laguntzak emateko indarrean zegoen udal ordenantza bertan behera uztea ekarriko du. Astearteko osoko ohiko bilkuran bide honetan lehen urratsa eman zuen udalbatzak; araudi hau bertan behera uztea hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez. Orain, espedientea jendaurrean jarri eta erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea zabalduko da, onarpen honek behin betiko izaera izan aurretik.

Igogailuen instalakuntzarako laguntzak

Zenbait baldintza bete beharko dira, laguntza honen onuraduna izateko. "Instalazioak 2016an jaso beharko luke Usurbilgo Udalak emandako obra amaiera ziurtagiria, eta balizko onuradunek sei hilabeteko antzinatasunarekin erroldatuta egon eta bertan bizi beharko dute. Horrez gain, udalerri berean igogailua duen bigarren etxebizitzaren jabe ez izatea beharrezkoa izango da. Diru laguntza honetarako, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira eskariak. Eskaera bakoitzeko diru laguntza, gehienez, 1.000 eurokoa izango da", ohartarazi du Udalak.

Guztira honenbestez, 168.000 euro bideratuko ditu Udalak, usurbildar norbanako nahiz eragileen egitasmoak laguntzera. Honakoa izango da diru-laguntza deialdiak jorratuko duen bidea. "Usurbilgo Udalak 2017 urteari dagozkion diru laguntzen deialdi orokorra ireki du dagoeneko. Diru-laguntza hauek norgehiagoka erregimenean erabakiko dira eta 168.000 euroko diru partida erabiliko du Udalak zeregin horretan. Dagokion arloko teknikariak diru-laguntza eskariak aztertu ondoren, txostena egin eta dagokion Batzordera eramango du, honek txostena kontuan hartuta, bere iritzia eman dezan", iragarri dute Udaletik.

Udal diru-laguntza kopuruak eremuka

-Kultura: 80.000 euro.

-Kirola: 46.000 euro.

-Gizartegintza: 12.000 euro.

-Nekazaritza eta abeltzaintza: 10.000 euro.

-Ingurumena: 10.000 euro.

-Igogailuen instalakuntza: 10.000 euro.

Guztira: 168.000 euro.

Eskabideak non aurkeztu: udal erregistroan.

Noiz aurkeztu: otsailaren 14tik aurrera, 20 egun balioduneko epean. Igogailuak jartzeko diru-laguntzen kasuan, eskabideak aurkezteko 3 hilabeteko epea egongo da.

Zer aurkeztu: "Dirulaguntza eskaera formalizatua, eskatzailearen NAN fotokopia, Elkartearen Estatutuak (hala badagokio), Gizarte Segurantzako zein Ogasuneko betebeharrak egunean egotearen egiaztagiria, beste dirulaguntza eskabideen aitorpena, elkarteak ez duela inor baztertzen adierazten duen agiria, emakume eta gizonen berdintasunari lotutako ziurtagiria eta ekintzei buruzko fitxak".

Informazio gehiago:

943 371 951

usurbil.eus

Honatx diru-laguntza deialdi guztien informazio zehatza:

Kulturako udal diru-laguntzak

Gizarte-zerbitzuetako udal diru-laguntzak

Kiroletako udal diru-laguntzak

Ingurumeneko udal diru-laguntzak

Nekazaritza eta abeltzaintzako udal diru-laguntzak

Igogailuak jartzeko udal diru-laguntzak