Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek eskualdea sozioekonomikoki garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten urtarrilaren 27an. Modu honetan, Beterri Buruntza eskualdeko udalen hitzarmenean Batzordea Eragileak Andoaingo Udala eskualdeko udalen arteko ordezkari izatea proposatu zuen. Batzorde eragileak aho batez onartu zuen. Orain udalek babestu behar dute proposamen hau. Usurbilgo Udaleko udalbatzak aho batez onartu zuen, atzoko osoko ohiko bilkuran.
6 udalerriek elkarlanean garatuko dute eskualdea
Garapen agentziarik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra da gurea, Beterri Buruntza. Aurrera begira egitasmo honi lotutako urratsak ematera konprometitu ziren urtarrilaren 27an eskualdeko sei udalerrietako alkateak: Xabier Arregi (Usurbilgo Udala), Zorione Etxezarraga (Astigarragako Udala), Luis Intxauspe (Hernaniko Udala), Ana Karrere (Andoaingo Udala), Jesus Zaballos (Lasarte-Oriako Udala) eta Mikel Pagola (Urnietako Udala).
Beterri-Buruntzaren eskualdearen garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorreko zerbitzuak elkarlanean eskaintzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten Andoaingo Udaleko udalbatza aretoan.
Honatx lankidetza hitzarmen berri honen gako nagusiak:
-Erronka: eremu honetan udal bakoitzak dituen baliabideak hobeto aprobetxatzea eta eskualdeko herritar eta enpresei zerbitzu bateratua eta hobea eskaintzea.
-Arlo sozioekonomikoarekin loturiko politikak eta jardunak modu koordinatuan eskaintzea herritar, ekintzaile eta enpresei.
-Eremu honetako zerbitzuak ez dira bikoiztuko.
-Baliabide publikoak eraginkorrago kudeatuko dira; lokalak eta eraikinak partekatu, eta zerbitzu eta langileen kontratazioa zentralizatu ahalko da.
-Tokiko enplegu planak, ekintzaileentzako eta enpresentzako zerbitzuak eta sektoreetako foroak elkarlanean jarriko dituzte abian sei udalok.
-Ordezkari politikoez osaturiko Batzorde Kudeatzaile bat eratuko da. Udalbatza bakoitzak bina ordezkari izendatuko ditu. Honez gain, koordinazio tekniko eta administratiborako batzorde bana ere eratuko dituzte.
-Egitasmoak sei udalen urteroko ekarpenek finantzatuko dituzte. Udal bakoitzaren ekarpena, Foru Aldunditik jasotako foru-funtsaren araberakoa izango da.
-1.290.976 euro bideratuko dituzte sei udalok, eremu honetako egitasmoetara.
-Lau urteko iraupena izango du hitzarmenak, baina lehenago eten daiteke, baldin eta "sei udalek eskualdeko Garagen Agentzia edo beste mota bateko erakundea eratzea erabakitzen badute". Kasu honetan, erakunde berri honek bereganatuko ditu programak, proiektuak eta zerbitzuak.