Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarren partaidetzarako erakunde arteko espazio bat sortzeari buruzko Foru Dekretua onartu zuen joan den urtarrilaren 17an. Partaidetzaren eremuan udalerri arteko sarea osatzea da asmoa. Usurbilgo Udala erakunde arteko espazio honetara atxikitzea erabaki zuen aho batez, atzo egin zuten osoko ohiko bilkuran. Atxikimendu honek zenbait konpromiso bere gain hartzea dakar Usurbilgo Udalarentzat. Honako hauek:
Konpromisoak
1-Arlo politikoan nahiz teknikoan modu aktiboan parte hartzea Espazioko organo edo egituretan esleitutako pertsonen bidez.
2-Espazioaren funtzionamendua sustatzea, proposamenen eta ekimenen bitartez.
3-Foru Aldundiak, tokiko erakundeen mesedetan, sustatuko dituen herritarren partaidetza arloko diru-laguntzen lerroei buruzko iritziak definitzeko eta zehazteko prozesuetan parte hartzea eta eztabaidatzea, betiere Espazioko organo edo egitura eskudunen bitartez.
4-Proposatzea partaidetzarako programa zehatzak, prestakuntza programak, topaketak, mintegiak eta prestakuntzako beste hainbat jarduera, Espazioko organo edo egitura eskudunek eztabaidatu eta onartu ditzaten.
5-Gida metodologikoak eta herritarren partaidetzarako onuragarriak izango diren beste edozein baliabide edo tresna proposatzea, bereziki partaidetzazko aurrekontuen ereduak eta estrategiak diseinatzea.
6-Espazioan ezartzea partaidetza alorreko praktika onak, bertan parte hartuko duten erakundeen ezagutza handitzeko eta herritarren partaidetzako foru, udal eta tokiko erakundeen politikak hobetzeko.
7-Espazioaren aurrekontuak ezagutzea eta, behar bada, gai horren inguruan eztabaidatzea organo edo egitura eskudunen bitartez.
8-Partaidetza alorrean Foru Aldundiak burutuko dituen laguntza tekniko eta lankidetzako prozesuetan udalei eta tokiko erakundeei laguntza ematea, arazoak edo gai irekiak behar bezala identifikatzeko, erregelamendu nahiz ordenantza-tipoak eta proposatutako gida metodologikoak sustatzeko, eta herritarren partaidetzako tokiko politikak hobetzera bideratutako Espazioaren beste edozein ekimen bultzatzeko.
9-Espazioa dinamizatzea egungo egituren bidez, eta foro teknikoak koordinatzea, hala behar bada.
Irudia: artxibokoa.