Donostiako ospitalera ekarriko dute Mari Karmen Anza

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 1a, 14:18

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez, asteazken arratsalde honetan Valentziako ospitaletik anbulantzian ekarriko dute Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anza Donostiako ospitalera. Ordu batzuk barru beraz, etxetik gertuen duen osasun etxean zainduko dute sendatu artean, senide eta lagunengandik gertu. 

Gogoan izan, Mari Karmen, Olatz alaba bisitatu eta Xua biloba ezagutzera joan zela urtarrilean Valentziara, eta gaizki sentitu ostean, 33 egun pasa dituela bertako ospitaleko ZIUn. Otsailaren 23an plantara eraman zuten. Hobeto egonda, orain etxetik gertu duen ospitalera dakarte Mari Karmen.

"Eskerrik asko benetan denoi!"

Otsailaren 24an Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, Zubiaurrenea kaleko mural berriaren ondoan egin zuten elkarretaratzean animu eta babesa adierazi zioten mobilizazioan batu ziren 118 usurbildarrek Olatz Lasagabasterren amari. Elkarretaratzeko deitzaileek, hitzordu honen aurretik Mari Karmenekin hitz egiteko aukera izan zuten. Hala zioen Olatzen amak. “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa. Denbora honetan guztian ezin nuen adierazi, baina hala sentitzen nuen. Eskerrik asko benetan denoi!”, hortxe Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, azken elkarretaratzean usurbildarrei helarazi zizkieten Mari Karmenen hitzak. Bere ahizpa Arantzak ere mezu bera helarazi nahi izan du: “Esan usurbildarrei eskerrik asko, bihotz-bihotzez”. Bihotzak eskutan, elkartasun eta animu mezua helarazi zioten usurbildarrek Mari Karmen Anzari aurreko ostiralean.

Izarri eta Sarari babesa adierazteko manifestazioa ostegunean Donostian

Larri gaixorik dauden presoen egoera (Oier Gomez eta Aitzol Gogorzarena), eta dispertsioaren ondorioz azken aldian senideek izandako istripuak salatu zituzten. Eta kezka azaldu zuten, Olatz Lasagabasterren espetxe berean, Valentziako Picassenten dagoen Sara Majarenas eta Izar haurtxoa bereizi ditzaketelako berriz. Ostegun honetan bertan, 3 urte betetzen dituen martxoaren 2an Izarrek espetxea utzi beharko du. Egun horretarako manifestazioa deitu du Izarrekin Plataformak, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Bulebarrean. "Etorri zure alabekin, trikitixekin, batukadak, txarangak... Izarri zorionak zuri abesteko!", luzatu dute gonbita.