Azken urteotan bezala, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2017rako abenduan onartu zituen tarifak auzibidean errekurritzea erabaki du Usurbilgo Udalak, "usurbildarron interesak defendatzeko". Xabier Arregi alkateak joan den otsailaren 21ean dekretu bidez hartutako erabakia berretsi zuen udalbatzak gehiengo osoz, astearte arratsaldean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Erabakia EHBilduko ordezkariek babestu zuten. PSE eta EAJko ordezkariek aurka bozkatu zuten.
Gobernu taldetik, alkateak argi zioen tarifok errekurritzeko arrazoi nagusia zein izan den. "Usurbildarren interesen eta hondakinen kudeaketa eraginkor eta jasangarriaren aurka doaz", zioen Xabier Arregik. Gaineratzen zuenez, Europako zuzentarauak urratu eta tarifok ez dute behar bezala sustatzen gaikako bilketa. Hondakin gutxiago sortu arren (hondakinen %84 gaika bildu zuen Usurbilek 2015ean), sortzen ez dituen hondakinengatik ordaintzera behartua aurkitzen da udalerri hau, beste urte batez.
Horregatik, Udalarentzat hain zuzen, ez da GHK-k onarturiko tarifak auzibidean errekurrituko dituen lehen aldia. Azken urteotako tarifekin gauza bera egin baitu. 2014koen kasuan gainera, auzibidean errekurritu eta lehen instantzian aldeko epaia jaso zuen. "Auzitegi Gorenaren epaiaren zain gara, epaia irmoa izateko", berri eman zuen alkateak, atzoko osoko ohiko bilkuran.
Oposizioa, GHKren erabakiaren alde
Oposizioko taldeak erabaki honen aurka agertu ziren. EAJ-ko bozeramaile Josune Urkolak, Usurbilgo Udala GHK-ko kide dela, eta honenbestez, erakunde hartan gehiengoz hartutako erabakiak Udalak ere onartu beharrekoak direla zioen. Ildo beretik mintzatu zen PSE-ko ordezkari Fermin Orue. Gaineratzen zuenez, Udalarentzat auzitegia ez, "GHK litzateke desadostasuna agertzeko lekua".
Adierazpenon aurrean, alkateak Udala GHK-ko kide ez dela argitu zuen. Udala San Marko Mankomunitateko kide baita, eta San Marko bai, GHK-ko kide. Usurbilgo Udalak honenbestez, ez du zuzenean GHK-ko erabakiotan parte hartzerik izan. Gainera, alkateak gogorarazi zuenez, San Marko Mankomunitatean "behin eta berriz erakutsi du Udalak bere desadostasuna".