Matrakak Usurbilgo Talde Feministarekin batera elkarlanean josi du Usurbilgo Udalak Martxoaren 8ari loturiko egitaraua. Ekimenotan parte hartzeko gonbita luzatu zuten udal gobernu taldetik, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Saio berean, parekidetasun gaiei lotutako bi erabaki hartu zituzten. Batetik, Emakumeen Egunari begirako mozioa onartu zuten aho batez. Aurtengo Martxoaren 8ari begirako mozioak, erabakitze guneetan gizon eta emakumeen arteko ordezkaritza eta parte hartze orekatua bermatzea sustatu nahi du.
Bestalde, genero mainstreaming estrategia sustatzea onartu zuen baita udalbatzak aho batez. Estrategia hau 1995ean, Beijingeko Emakumeen Mundu Mailako IV. Konferentzian sortu zuten. "Politikaren izaera osoaren berrantolaketa da, eta honek integrala, estrukturala eta horizontala izan behar du. Sail, maila eta fase guztietan eragin beharko du, eta ezinbestekoa izango da politikan inplikatutako eragileen parte-hartzea, baita baliabide espezifikoak bere zerbitzura jartzea ere", adierazi dute Udaletik.
EMAKUMEON EGUNA
Martxoak 5, igandea: 28. Lilatoia Donostian
09:00-12:00 Kontsigna zerbitzua Gipuzkoa plazan.
09:45 Verdini Dantza Taldearen erakustaldia Donostiako Bulebarrean.
10:00 Usurbildarren argazkia, Bulebarreko erloju ondoan.
10:00 Beroketa ariketak monitore batekin Bulebarrean bertan.
10:30 28. Lilatoiaren abiatzea Donostiako Bulebarretik. Helmuga ere Bulebarrean. Ibilbidea: Donostiako erdigunean eta Gros ingurutik barrena.
11:30 Sari banaketa Alderdi Ederren. Kategoriotako lehen hiru sailkatuak sarituko dituzte:
-Juniorrak: 14-25 urte.
-Seniorrak: 26-45 urte.
-Beteranoak: 46-59 urte.
-+60 urtetik gorakoak.
-Hiru talde jendetsuenak ere sarituko dituzte.
Antolatzailea: Atletico San Sebastian.
Xehetasun gehiago: izena eman duten usurbildarren zerrenda
Martxoak 10, ostirala
21:00 "Testurak" bertso-afaria Artzabalen.
Parte hartuko duten bertsolariak: Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Ane Labaka.
Gai jartzailea: Maite Berriozabal.
Menua: pikatzekoa, entsalada epela, entrekota eta gazta tarta. Edaria eta kafea.
Prezioa: 16 euro.
Txartelak: otsailaren 24tik aurrera, Aitzagan eta Bordatxon salgai.
Martxoak 12, igandea
18:00 "En transito" dokumentala.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Bidez Bide Elkartea, Donostiatik Gipuzkoa mailan lan egiten duen elkarte txikia da. Feminismotik lan egiten dute. Hori dela eta, Oscar Tejedor zinemagilearekin batera egin dute "En Tránsito" dokumentala. Lan honek zaintza lanak kokatzen ditu erdigunean, Latino Amerikatik EH-ra migratutako hainbat emakumeek, euren seme-alabekin ezartzen dituzten harremanak nolakoak diren eta zaintzaren gestioa nola egiten duten erakusten duelarik. Finean, dokumentalak zaintza lanen kate globalek emakumeen bizitzetan duen eraginaz, amatasun transnazionaletaz edo zaintza lanen feminizazioaz hausnartzera garamatza. Proiekzioaren ostean, Soraya Ronquillorekin mintzaldia egiteko aukera izango dugu".
Oharra: gaztelaniaz.
Martxoak 18, larunbata
10:00-14:00 / 15:30-19:30 Autodefentsa feminista tailerra Potxoenean.
Izen ematea aurrez, Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Sailean:
943 377 110
parekidetasuna@usurbil.eus
Antolatzaileak: Matrakak Usurbilgo Talde Feminista eta Usurbilgo Udala.