Jai ereduez hausnartzeko gazteen batzarra 17:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 3a, 07:43

Gazteen arazoei gazteek irtenbidea emateko, dituzten kezka eta hutsuneei aurre egiteko alternatibak sortzen hasiak dira Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteak. Otsailaren 17an egin zuten lehen batzarra Potxoenean. Abendua hasieran Barañainen egin ziren Gazteraiki Topaketetan parte hartu zuten herritarrek bideratu zuten saioa, "Euskal Herri mailan lanean dabilen gazte mugimenduaren ikuspegi hori lehenengo pertsonan kontatzeko herriko gazteei".

Bi lan talde osatu zituzten gero; batean jai ereduen inguruan jardun zuten. Jaietako hutsuneei buruz eta "jai batzordeen arteko elkarlen bat bultzatzea interesgarritzat jo genuen". Intereseko lanketa eremu ezberdinak identifikatzen aritu zen bigarren lan taldea, "bi izan zirelarik gehien azpimarratu zirenak; euskararen egoera eta kirol eredua". Gai guztion lanketarekin jarraitzeko bi hitzordu finkatu dituzte estreinatzear dugun martxoaren 3 eta 10erako, datozen bi ostiral hauetarako alegia. "Zuri ere, kezka hauek eta besteren batzuk aztoratzen bazaituzte, ez lotsatu, gerturatu, alternatiba elkarlanetik abiatuko dugu!", adierazi dute aste honetarako NOAUA! aldizkarirako gazteek bidali duten idatzian:

Hurrengo bileren hitzorduak

Martxoak 3, ostirala

17:30 Gazteen batzarra Potxoenean: jai ereduen hausnarketa. 

Zehaztasunak: proiektu alternatiboak eraikitzeko lanketari ekiteko lehen batzarra egin zuten otsailaren 17an Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteek. Bigarren saio honetan, "jai ereduen inguruan hausnartzen jarraituko dugu. Identifikatutako arazo horiei buelta emateko hainbat tresna sortu eta martxan jarri nahiko genituzke, elkarlanean. Horregatik, jai batzorde guztiei luzatzen diegu deialdia, eta interesa duen edonor ere gonbidatua dago!".

Martxoak 10, ostirala

17:30 Gazteen batzarra Potxoenean.

Zehaztasunak: "Beste intereseko eremuak lantzen jarraituko dugu, eta batez ere, helburutzat ildoak jorratzeko ekimen eta ideia zehatzak proposatzea daukagu".

Deitzaileak eta argazkiaren egileak: Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteak.

Gazteontzat bi deialdi berri datozen asteetan!

Aginaga, Usurbil eta Zubietako gazteak martxan gara. Ez gara inoren zain egongo, eta gazteok bizi ditugun arazo ezberdinei geronek emango diegu soluzioa. Hemen ere, hainbat dira gazteon kezka eta hutsuneak, eta horiei aurre egiteko, alternatibak sortzen hastera goaz.

Helburu horrekin bildu ginen lehengo ostiralean, otsailak 17an, Potxoenean Aginaga, Usurbil eta Zubietako 30 bat gazte. Lehenengo hartuemana arrakastatsua izan zela esan genezake, beraz. GAZTERAIKI topaketetan parte hartu zuten herriko gazteek bideratu zuten bilera ireki hori, Euskal Herri mailan lanean dabilen gazte mugimenduaren ikuspegi hori lehenengo pertsonan kontatzeko herriko gazteei.

Eztabaidari hasiera emateko,eta Euskal Herri mailan gazte mugimendua hainbat ildoren inguruan hausnartzen dabilenez,ildo nazionaletan lanean ari diren bi usurbildarren testigantzak entzun genituen: komunikazioaren eta kirolaren esparruetan lanean dabiltzanak. Nolabait ere, ikuspegi praktikoa erakutsi eta ideia berraik herrira ekartzeko esperientzien aukerak ikustarazten lagundu ziguten.

Ikuspegi praktiko hau jasota, bi lan taldetan banatu eta herrian bertan egin dezakegunaz jardun genuen. Horretarako, Usurbilgo Ernaik uztailean burutu zuen gazte eragileen diagnostikoa oinarri hartuz, herriko gazte askok jai batzordeetan aktiboki parte hartzen zuela konturatuta, jai ereduen berariazko lanketa batek herriko gazteengan interesa izango zuela ondorioztatu genuen. Beste lantaldeari dagokionez, berriz, aukera irekia utzi zen gazteek beraiek intereseko eremu ezberdinak plazara zitzaten.

Lehen taldean herriko jai batzorde gehienetan parte hartzen zuten gazteak bildu ginen, baita gure herriko jaietan hainbat hutsune ditugula ohartu ere: hala nola, musikaren erabilera, erasoen aurreko protokolo falta, bertako produktuen erabilera urria… Hutsune hauek hobetze aldera eta festa osoago eta kontzientziatuagoak antola ditzagun, jai batzordeen arteko elkarlan bat bultzatzea interesgarritzat jo genuen.

Gainontzeko gazteak intereseko lanketa eremuak identifikatzen aritu ginen: bi izan zirelarik gehien azpimarratu zirenak;Euskara eta kirol eredua. Usurbilen, hutsune handi bat aurkitu dugu jarduera fisikoaren eta kirolen esparruan. Lehia baztertzailearen inertziari jarraituz herriko ehuneko txiki batek besterik ez du gozatzen jarduera fisikoaz eta kirolaz, izan ere, kirol klub federatuen eskaintzara mugatuak gaude. Aukera honetatik kanpo geratzen den gehiengoak ez du aukera alternatiborik. Hortaz, gozamena eta ongizatea bilatuko duen esparru parekide, inklusibo eta aske bat sortzea izango litzake arlo honetako proiektu alternatiboa. Beste eredu bat posible dela pentsatzen dugunez, arlo honetan interesa dutenekin elkarlanean, hala nola, eskola kirolean eraikuntza lanetan ari den taldearekin, herriarentzako sekulakoa izan daitekeen eskaintza berritzaile batean sinesten dugu. Hots,epe motzeko helburu gisa, urtero frontoian antolatzen den futbito txapelketan lanketa bat egitea pentsatu dugu.

Bigarren lan talde honetako beste kezka herriko euskararen egoera izan zen. Orain arte ezinezkoa zena errealitate bihurtzen ari dela nabarmendu zen: belaunaldi berriak txikitatik euskararekiko lotura galtzen hasi dira: gazteleraz hitz egiteko joera eta hitanoaren beherakada nabarmendu zirelarik arazo larri honen adierazgarri gisa. Errealitate hau herrian azaleratzearen eta honi konponbide inklusibo bat ematearen garrantzia azpimarratu genituen.

Hau guztia lantzen jarraitzeko irrikaz gelditu ginen lehengo ostiralean bildu ginen gazteok, eta dagoeneko bi hitzordu zehaztuta ditugu!

  • Martxoak 3, ostirala, 17:30tan, Potxoenean: Jai ereduen inguruan hausnartzen jarraituko dugu. Identifikatutako arazo horiei buelta emateko hainbat tresna sortu eta martxan jarri nahiko genituzke, elkarlanean. Horregatik, jai batzorde guztiei luzatzen dizuegu deialdia, eta interesa duen edonor ere gonbidatua dago!
  • Martxoak 10, ostirala, 17:30tan, Potxoenean: beste intereseko eremuak lantzen jarraituko dugu, eta batez ere, helburutzat ildoak jorratzeko ekimen eta ideia zehatzak proposatzea daukagu.

Zuri ere, kezka hauek eta besteren batzuk aztoratzen bazaituzte,ez lotsatu, gerturatu, alternatiba elkalanetik abiatuko dugu!

Aginagako, Usurbilgo eta Zubietako gazteak.